Zure laguntza behar dugu!

Krisiak eragindako murrizketen ondorioz, gero eta gehiago dira gurean ere crowdfunding edo finantzaketa kolektiboaren bidez martxan jarri diren proiektuak. Entzutetsuenen artean ditugu, esaterako, Zuloak musika taldeari buruzko dokumentala edota Kerobia taldearen Supernova egitasmo multimedia. Edo, akaso crowdfunding peto-petoa ez bada ere, hortxe dugu bazkidetza bidez abian jarri den EDO! argitaletxea, azken finean, finantzaketa kolektibo horren adibide, hau ere. Eta bazkidetzaren kontu horrek, nola ez, Euskal Herrian konpromiso eta militantziaz abian jarri diren hainbat eta hainbat proiektu dakarzkigu burura…

Ez da atzo goizekoa, hortaz, gurean egitasmoak aurrera eramateko finantzaketa kolektibora jotzea. Aldaketa, ordea –eta agian, arazoa- azkenaldiko bonbardaketak ekar lezake. Sarean sarri gabiltzanoi ia egunero iritsiko zaigu crowdfunding bidez halako diskoa edo bestelako argitalpena diruz laguntzeko eskaeraren bat, eta gure ekarpenaren truke, adibide bat jartzearren, diskoa etxean jasotzearekin batera, barruko liburuxkan gure izena irakurri ahal izango dugu.
Halako lehenengo eskaera jaso nuenean bi aldiz pentsatu gabe egin nuen nire diru ekarpentxoa, zinez iruditu baitzitzaidan interesgarria proiektua. Haren ostean beste hamaika jaso ditut, eta horien artean ere bat baino gehiago begitandu zait benetan txukuna. Baina poltsikoak ez du denerako ematen. Eta krisi garaiotan halako kezkekin dabilen bakarra ez naizelakoan nagoenez, egun batean bai eta hurrengoan ere bai proiektu bat diruz laguntzeko proposamena jasotzeak ez dakit ez ote duen, neurri batean bederen,  jendea aspertuko, «neurearekin nahikoa lan badiat oraintxe» pentsatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!