Buruaz besteko burutazioak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirre Arrastoa 2015eko urtarrilaren 25a

Suizidio txikiak; hori omen da bizitza. Nork ez du noizbait bizitzak ez duela merezi pentsatu? Bizitzak merezi du, noski, baina gure bizitzak ez duela zentzurik ez al diogu inoiz esan gure buruari? Adinarekin harritzeko eta larritzeko gaitasuna ahultzen joaten zela uste nuen, baina oker nengoen.

Bere buruaz beste egingo duela esaten duenari noraino egin behar zaio jaramon? Noiz piztu behar da larrialdiaren alarma?

Gazte batek behin eta berriz honako hau esaten zion bere amari: niri gertatzen zaizkidan gauza txar guztien erantzulea zara. Ni hain ezkorra eta gupidagabea izatearen erruduna zu zara. Semeak bere buruaz beste egingo zuela, eta gisa horretara ez zukeela arazo gehiago izango errepikatzen zion egunak argitu orduko. Ez zuen, ordea, sekula heriotzarekin bat egiteko pausurik ematen. Amarengan, ordea, hitz horiek heriotza txikiak eragiten zituzten. Ama horrek ez ote zuen semearen aitarengandik bereizteko eskubiderik? Semeari etorkizunik onena ematearren egunero hamar ordu lan egitea delitu al zuen? Semearen begietan mendeku gosea ikusteak damuari baino ez zion jaten ematen. Semeak mila bider erregutu eta desiratutakoa amak bete egin zuen azkenean. Semearen on beharrez egin zuela sinetsita, ziurrenik. Semeak behin eta berriz bere bizitzatik desager zedin eskatu zion, eta amak, beste guztian bezalaxe, hitzez hitz bete zuen. Amak bere buruaz beste egin zuen. Semeak, inoizko amorraziorik eta dardararik handienez eusten du amaren azken hitzak jasotzen dituen paper mutur zimurtua: zure bizi ezin denen eragileak bidea libre uzten dizu. Ea orain nor egiten duzun zure bizitzako gertakizun, pausu eta akats ororen erantzule.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!