Badatozela!

Munduko txoko ezberdinetan ohitura ezberdinak dituzte. Lurralde batzuetan negua da kontsumismoaren aro hau heltzen denean. Beste batzuetan, ordea, uda. Hemen hotz egingo du ziurrenik, eta ez kanpoan soilik, baita zenbait poltsikoetan ere. Baina bero datoz aurten ere egunok. Ez dut uste denentzat gau onak izango direnik. Ditxosozko Gabonak! Fededun eta elizkoi ez direnek ere topatuko dute zer eta non ospatua. Jana eta edana gurtzea bihurtu ditugu gure erlijio sakratu.

Gorroto ditut mahai jirako handikeriak. Biharamunean bezperan balio zutenaren erdia kobratzea halako jangai. Amildegia zabaltzen da bi salneurrien artean, eta gu zuloan erortzen gara.

Ai, eta oparitu beharra! Eta neurririk gabe kontsumitu beharra!

Zer ikusi hura ikasi dio esaerak, baina zer ikusi hura nahi ere izan daiteke. Erruki ditut begiak adi eta ahoa eske zulo dituzten haurren gurasoak. Ez da erreza izango ia bi hilabetez erakusleihoak eta supermerkatu handietako jostailu uholdeak saihestea. Sagar eta laranjek ez dute koloredun jostailuek adinako leku pribilegiaturik, ez eta arreta erakartzen duten argi distiratsurik ere. Lehen lerroan haurrak erakartzeko iman bihurtu dira. “Zatozte eta eraman nazazue” mezu subliminalak zabaltzen dituztela dirudi. Ikusi orduko nagusi. Igurtzi ondoren ez han utzi.

Hori bai, jostailuak ondo sailkatuta daude, baina ez egoki. Zergatik nabarmendu behar dute kolore jakin bat mutikoentzat? Eta zergatik gomendatzen dira etxe barruarekin zerikusia duten jostailuak neskatilentzat? Betiko leloa, ados, baina betiko lelokeria, era berean.

Familiako bazkarietan zergatik jasan behar ditut “ez al diozu oparirik erosi” bezalako esaldi ozpinduak? Eta loteria erosten ez baduzu, akabo! Aurten ere zenbaki saritua ez da nire poltsan izango, baina seguru numeroren bat egokituko zaidala alkohola lanean hasten denean. Umeak eskean eta helduan iruzkin askean.

Ba, bai, kontuz! Badatoz. Baina, lasai, joango dira. Bitartean, nahi duzuen edo ahal duzuen moduan, gozatu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!