Ilun ikarak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirre Arrastoa 2014ko azaroaren 9a

Asmakizunetan dabiltza guraso asko. Seme-alaben asmakeriak direla sinetsita daude batzuk, eta beste batzuk zer gertatzen den ezin asmatu. Zergatik ez du nire alabak orain arte bezala etxetik bakarrik atera nahi? Hiru urte daramatza musika eskolatik bakarrik etortzen, beraz, orain zer gertatzen da gurasoak bila joan dakizkion erreguka hasteko? Bizitzaren eskolan eta musika eskolako joan-etorrietan melodia histrionikoa aditzen da. Bizitzako pentagraman eskalak aldatu egin dira, eta arpegioak aurpegi beltz bihurtu dira. Beldurrak darama batuta, eta horregatik dabiltza indarrak ezin batuta.  

Ilunari beldurra izatea argi dago gizarteak eta kulturak eragindakoa izan daitekeela, baina mugikorretako mezuek eragin duten izua? Haurrak eramaten saiatu zen gizonezkoa omen dabil gure herrian. Ondoko herrian bederatzi urteko neska bat auto batean sartzen ahalegindu omen ziren. Ustezko bortxatzailearen irudia zernahi mezu eta hormetan ageri da. Erdia gezurra omen. Auskalo! Kontua da etxeko txikiak aurrera egin ezinik dabiltzala beti atzera begira. Kontuak eskuetatik ihes egin digulako eskatzen dute gaztetxoek eskutik hel diezaiegun.

Beldurra, arrisku momentuak sortzen duen alerta egoera bat da, eta askotan, egoera hau, bizitzeko beharrezko izaten omen da. Zoritxarrez, ordea, beldurra, arriskua ez dagoenean ere agertzen da, eta horretara noa ni. Zertan ari gara? Kontuz ibiltzeko aholkatzea eta haurrak babestea ezinbestekoa dugu, ados, baina ez ditzagun izuaren eta panikoaren zurrunbiloan barneratu. Beldur ebolutiboa izan daiteke baina gurasoak ere bagara eboluzionatu behar dugunak. Orain ere neskatilak dira galtzaile, eta ikasgelako mutikoak ausart jokatzera kondenatuak.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!