Nire urtebetetze egunean zenbatek zorionduko ote ninduten Facebook edo mugikorreko egutegi salatariak ez bageneuzka? Espero baino askoz ere mezu gehiago jasotzearen ondorio baino ez da galdera hau. Zoriondu nindutenen zorionik apenas entzun nuen. Irakurri bai. Nik baino lehenago ordenagailuak eta mugikorrak jaso zituzten, ordea. Gogorra da gero! Eta ez nintzen gehiegi harritu. Hunkitu ere geroz eta gutxiago egiten naiz, zer erremedio! Ez didate barrua ukitzen konpromisoz idatzitako zortzi hizki eta harridura ikur batek! Harridura ikurra, zein ondo datorkion izena. Zorionak!
Dagoeneko ez dugu buruan datarik gorde beharrik. Zertarako? Dena dugu Interneten. Gure lagunik onena esku artean dugu egunero. Gure ezagun eta lagunen berri inork baino hobeto ematen digu. Dena sartzen da bertan. Niri oraindik zertan ari garen ez zait buruan kabitzen, baina ni ere bezero birtuala naiz. Deitu eta galdetu gabe dakit nondik nora dabilen bakoitza, eta euren ahotik entzuteak adina asetzen nau. Akabo taberna izkinako tertuliak! Akabo konplizidade begiradak mendira bidean. Orain norberak jarri behar die ahotsa lagunen hitzei, eta kontuz tonuarekin nahastu gabe! Dena idatzita dagoela esan zuenak bazekien non eta nola bukatuko genuen! Dena idatzita dator, baina ez paperean. Paperak galduta gabiltzan seinale. Gure etorkizuna galdera ikur bat izan daiteke, baina ziur naiz harridura ikurrak desagertzen joango direla.
Zerk harritzen gaitu? Nork hunkitu? Nostalgiak erasanda bizi naizela usteko duzu, eta agian arrazoi duzu. Gaur ere buzoian testu hau daraman ale bat eta banketxeko gutuna baino ez zeuden. Akabo lagunen gutunek zuten xarma. Ezusteak eragindako gozamena.
Ezustekoak egitea ez uzteko moduko ohitura da, baina gaur egun ezustekoak sorpresa atsegin baino sustoak izaten dira. Hizki larriz eta zenbaki gorriz datoz gutunazalak. Azalekoak ez diren kontu mamitsuekin. Eta normalean barrua bete ordez poltsikoa husten dute. Lastima!