Beste modurik ez, eta etxeko bati txofer lanak egitea egokitu zait. Familiako biren hiletatara eramatea izan dut zeregin, eta bertan ikusiak eraman nau ondorio honetara. Nik ezagutu ere egiten ez nituen bi ziren joandakoak, baina aspaldian ikusi gabeko asko izan ziren bertaratutakoak. Azken agurra eman duenak jarri du familiarteko ezezagunak lehenengo aldiz agurtzeko bidea.
Adineko senitartekoak elizaren atarian. Muxuak eta esku emateak pauso bat luzatu orduko. Eta joandakoaren inguruko aipuak baino, bata bestearen atzetik datozenen aurkezpenak nagusi. Bakoitza zenbat aldatu den, bizimodua zer moduz doakion, eta urte luzetan elkarri kontatu gabeko pasadizoak mintzagai.
Pena da, noski, hileta bat izatea urrun bizi direnak gertu sentitzeko arrazoi. Baina halaxe da. Egia askotan heriotza bezain gordina izaten da. Datorren bezala hartu eta eraman beharrekoa. Gertaera lazgarri batek gertaera pozgarri bat ondorio.
Hurrena ea beste leku batean topatzen garen moduko esaldiak hitzetik hortzera. Baita bazkari baterako hitzordua zehazteko irrika ere, baina ia denek pentsatuko zuten berriz ere hiletaren batean elkartuko direla. Eta pena da. Beldur naiz geroz eta maizago ez ote diren izango eliza atariak gure etxeko adinduen topaleku. Nahi baino gehiagotan topo egiteko arriskuak hotzikara eragiten dit, baina bolante aurreak konfesatuta harrapa nazala eliza atarira iritsi aurretik. Amen.