Gure esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirre Arrastoa 2014ko eka. 15a, 18:00

Ez nator ezer berririk idaztera. Errealitate bihurtu den ipuin bat kontatzera baizik. Nora joan garen eta zertara joan garen azaltzeko moduko kontakizuna izan da gaurkoa. Ikuskizun zegoena erakustaldi bikaina gertatu da.

Zertara joan zara Lazkaora, izeba? Halaxe galdegin dit ilobak eta halaxe erantzun diot nik: Nire esku zegoena egitera joan naiz amesten dudan herri baten alde, laztana. Hara, begira ezazu nire ezkerreko eskura, eta zuk ulertzeko moduan azalduko dizut.
Hatz txikia Goierriko herri txiki bat da, eta egun batean sukaldeko lanetan hasi zen. Eltzea sutan jartzean herria nola berotzen den ikustarazi nahi izan zuten.
Hatz nagiak, kasu batzuetan ezkontza eraztuna darama, eta gaur ere ilusioa eta amets egiten jarraitzeko indarra ezkondu ditu, eta eltzean egosten ari den gazta zatiari gatz pixka bat bota dio.
Ondoren erdiko hatz luzea etorri da, eta sukaldeko atea zabaldu du, eltzeko usain gozoa auzora zabal dadin. Auzokoak ez ezik herriko denak gonbidatu ditu euren ospakizunera.
Hatz erakusleak, berriz, banan bana gonbidapena jaso duten horiek bidean jarri ditu, elkarri eskutik helduta, elkarri bidea erakutsiz, bidezidorretan galdu gabe utopiak ziruditen autopistak zabalduz.
Azkenik hatz lodia edo erpurua etorri da. Eta hatz honek dena jan du. Eltzekoa eskuz heltzeko ordua zen, eta ia mundua ere jan du. Hitza da jan ez duen bakarra. Hatz erpurua helburuaren ardatz bihurtu da, eta elkar elikatu dugu gaur, elkarri eskua emanda. Hatz izerdituetan gerora izerdia non isuri behar den erakutsi nahi izan diogu eskua gure gainetik jarri duen orori.
Gaur istorio edo pasarte bat izan zitekeena historia izan da, pasa arte sinestea zail zena. Bejoindeigula! 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!