Terapia

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirre Arrastoa 2014ko maiatzaren 18a

Albistegia. Hainbeste egia. Berri tristeen hegia. Horixe da eguneroko ogia. Ez naiz telebista ikusi zalea. Aspertu egiten naiz. Gogogabetu eta gogaitu egiten naute zenbait saiok. Aste honetan, ordea, nire burua albistegiak irenstera behartu dut. Opor osteko lan jardunari ekiteko nire burua nekatuta sentitu dut, eta ezin izan diot barkatu. Sentimendu hori aitzakia hartuta, telebista eta Interneta kontratatu ditut terapeuta gisa.


Eta zer nahi duzue esatea! Balio izan didate. Nahita eta aurrez hala erabakita barrua mugiaraziko zidaten albiste eta ikusgarrien bila aritu naiz. Nik esan gabe ederki dakizue ez didala lan handiegia eragin. Nik baino aukera zabalagoa bistaratu zait klik bakar batekin. Begiak zabalik mantentzea ere kosta egiten zitzaidan gertaerak ikusi ditut. Malkoak isuri arteko bakerik izan ez dudan momentua biziarazi didate zenbait haurren testigantzek. Ustekabeko heriotza tragikoak bideoz grabatzeko zenbaitek duten odol hotza noraino hel daitekeen ohartzeko parada eskaini didate zenbait kameralariek. Batzuen eta besteen bizitzaren kolorea azalarena baino eraginkorragoa dela gogorarazi dit erreportaje landu batek.
Eta horrela zerrenda amaigabea. Injustiziak ere ez baitu amaierarik. Bai, ordea, nire nahigabeak eta alferkeriak. Nire buruari barre egiteko moduan naiz berriz ere. Barre egingo nioke lotsa sentituko ez banu. Negargura emango ez balit. Besteen zorigaitzek terapia egiteko balio didatela esateak zikoitza eta bihozgabea da, baina daukadanari balioa emateko eta huskeriak ez madarikatzeko irakaspen bikainak dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!