Urrezko denbora

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirre Arrastoa 2014ko apirilaren 13a

Denborak urrea balio omen du. Denbora oso preziatua omen da presaka bizi dugun egunerokotasunean. Ez dakit bizi ditugun, baina bixi-bixi doazkigu egunak, eta hori seinale ona da zalantzarik gabe. Minez eta buruhaustez josita gabiltzanean ez baita biharamuneko eguna nahi orduko argitzen.

Ez dut astirik izan eta ez dut astirik hartu, ordea, ez dira ahizpa bikiak. Izan gaitezen sintzeroak gure buruekin. Irratiaren ahotsari bolumena igo nion azken aldia ez dago urrun. Ez da denbora asko pasa nire arreta bereganatu zuen albistea entzun nuenetik. «Astirik ez baduzu, guk egingo dugu zure ordez». Etxeko norbaitek trenean Bartzelonara joan behar badu, eta bakarrik joateko gai ez bada, laguntzaile bat eskaintzen dute. Portaleko bilerara ezin baduzu joan, zaude lasai, ordezkari bat bidali dute zure izenean. Autoko asegururik merkeena eta eraginkorrena zein den jakiteko aski duzu enpresa berri honetara deitzea.

Ez dakit gustuko duzun pertsonarekin jarri duzun hitzordura zure ordez joateko prest egongo liratekeen, baina zergatik ez? Denetarako prest daudenei ez diet, bada ez bada ere, zenbakia eskura jarriko.

Hasi berriak izan arren dagoeneko bitxikeria bat baino gehiago zituzten irratian kontatzeko. Euren lantegi berriko telefonoa eta emaila ere martxa onean. Telefonoa hartu eta mesedeak eskatzeko astia hartzen dugu bederen! Denborak urrea balio du, jakina. Denborak dirua balio du. Zuek atera kontuak nire izenpean doan idatzi hau nork sortu duen! Orain ez daukat astirik azalpenak emateko, barka!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!