Denok gara bertsozaleak. Harituz arituz eta adituz handituz doan elkargunea da. Asmo eta ibilbide baten mataza harilkatzen doan orratz ekintzailea. Tolosaldeko bertso-eskolen zuloen adabakia baino gehiago da. Errimatuz, arrimatuz eta herriak mimatuz oinez ikasi baino lehen kantuan hasi den ametsen mezularia da.
Hamar herri ordezkatzen dituzten hamaika talde ari dira Harituz Herriarteko Bertsolari Txapelketan nor baino nor. Jolasa dago jokoan, eta ohorea kolkoan, baina lagunarteak dakarren gozamena da saririk desiragarriena.
Autogestioa eta autodinamika ditu zutabe. Non oinak jarri, hura oinarri. Lehenengo aldiz plazara atera diren bertsolarien erakusleihoa ere bada. Leihotik begira egon ordez ate berriak zabaltzea erabaki dutenen atari da Harituz. Eta gugana hurbildu nahi duen bertsozale ororentzat ateak zabalik ditu, baita jardunaren plazara leihotik begira egon nahi badu ere. Aritzen direnek beti behar baitituzte aditzen ari direnak. Harituz entzulea harrituz ari da azken asteotan. Plaza txikietan saio handiak eskaintzen ari dira bertako partaideak.
Denboraren orratzak urradurak zabal ditzake baina baita erretenak itxi ere. Gure hari eta orratzek ez dute arrakalak josteko helbururik. Guk zirrikituak zabaldu nahi ditugu gure hari mataza are koloretsuagoa eta are emankorragoa izan dadin. Segi dezagun elkarri korapilatuta barruko korapiloak askatzen.