Hildakoaren oso gertukoak izaten dira eskelarako bertso edo esaldi eske datozkigunak. Eurei gertuegi eta guri urrunegi gertatzen zaigun egoera izaten da askotan. Orri zuriaren aurrean hitz zuririk nahi ez, eta dena beltz ikusten da lehenengo minutuetan. Galdera ikur dira euren aurpegiak, eta nire buruak erantzun azkar bat premiazko.
Minetik sortzen omen dira obra ederrenak, baina egoera horietan eta presaka egin beharreko lanetan ez da erraza. Minetik baina distantziatik hobeto egiten dira horrelako gauzak.
Ezagutzen ez dugun pertsonari jarri beharreko bertsoen zerrenda luzea da. Galdu duten bizitza sei lerrotan laburbildu ezinak sortzen duen angustia egoerak eragiten duen minari eransten zaio, eta ez da batura matematikoa, sintomatikoa baizik.
Ez dut sarkasmoan erori nahi. Ez dut umore beltza egin nahi, baina eskeRIP asko jaso ditut. Maite dut eskerrak jasotzea, baina lastima da horrelakoak jaso beharra. Une zail eta gogor horietan lagun edo ezagun dudan eskatzailearengatik egin dezakedan apurra edo guztia dela sinetsiz kontsolatzen naiz. Kasuan kasu. Ojala inoiz beharko ez baninduzue baina aspaldi ikasi genuen azkeneko agurra kantatzen.