Memoriak ez daki datorrenari buruz, baina bizitakoak datorkiguna zer nola interpretatu irakats diezaguke. Gogoan dut urteko egun seinalatu batean Tolosako zaharren egoitzara bertsotara joaten ginenekoa. Gu artean gaztetxo, eta entzuleak gazte izatea ia ahaztuta zutenak. Sei urtez jarraian joan ginen bertso-eskolako lau kide hamaiketakoa egin eta ordubeteko saio bat eskaintzera. Ez dut han botatako bertsorik buruan baina ez dut sekula ahaztuko sartu nintzen lehenengo aldian sentitu nuen hotzikara eta pena. Errukia hezurretaraino sartu zitzaidala iruditu zitzaidan. Nire begien aurrean ikusten nuena ez zen euren begiek ikusten zutena. Nire barruak sentitu zuena, ordea, ez zen hango askok sentitzen zutena. Denbora pasa eta enkarguzko lantxo ziren saio haiek denbora pasa ondoren ere karga handiko irakaspen bezala bizi izan ditut. Euskaraz hitzik ulertzeko gai ez zirenek ere isiltasun osoz entzuten gintuzten. Entzuten ez zutenek ume batek bezala begiratu eta aztertzen gintuzten. Bertsozalerik tartean bazen, aldiz, lehengoak zer nolako bertsolari bikainak ziren oroitarazten zigun. Eta leku guztietan bezala, han ere beti zegoen petralen bat. Zaintzaileek saioa oztopatuko zuen beldurrez berehala isilarazten zuten, baina guretzat helduleku ezin hobea izaten zen kanturako. Orduantxe hartzen zuen egoitza hartako bizitzak kanpoko munduaren antza pittin bat. Oroitzapenen artxibotik, gaurkoan ere zuentzat da nire azken puntua.