Hitzerditu

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirre Arrastoa 2013ko abenduaren 6a

Ez naiz zutabegile aditua baina bai aritua, han eta hemen nire gogoetak papereratzeko aukera eskaintzen baitidate. Eta askotan ez dugu zertaz idatzi jakiten. Aste honetan, ordea, ez dut buruhauste handirik izan zeri eta zeini idatzi erabakitzen.

Esker onez idatzi beharrean sentitu naiz, eta horretara nator. Aurreko alean Eider Olazarrek kuku bat egin zidan, eta nik ez dut ostrukarena egingo. Mila eta bostehun hizkik ez didate esan nahiko niokeen guztia nik nahi bezala sakontzeko aukerarik ematen, ordea. Agian ez naiz behar besteko artista hitz gutxitan asko esateko, baina ez dut eskertu gabe geratu nahi.

Egia da erditu gabeko ama naizela, baina erdibituta sentitu naizela esateko adina badakit. Niretzat ere haurdunaldi gogorra izan da. Txapelketa ere erditze baten modukoa dela esan ohi da. Eta halatsu gertatu zait niri ere. Ez dakit inoiz hainbeste mimo, animo eta besarkada jaso ditudan. Maitatua sentitu naiz. Zenbaitek begiak itxiko zituzten nire aitortza bertsoen aurrean, baina zenbaiti begiak zabaltzeko abagunea ere eskaini die. Nik bihotza zabaldu dudan orotan denak ez ziren aho zabalik geratuko, jakina. Nik ez nuen aldarrikapenik egin nahi. Zaila gertatzen da buruan eta bihotzean gai bakarra duzunean hura saihesten aritu beharra. Egoera animikoa errusiar mendi baten parekoa denean, oholtza gaineko emaitza ere halakoxea izaten da. Bertso bakoitza erditu egiten dugu. Batzuetan zesarea bezalakoa da, eta beste batzuetan indarka ekarri beharrekoa.

Epidural bakarra entzulearen babesa da. Beraz, eskerrik asko elkar ezagutu ez arren keinu bat, txalo bat edo mezu bat eskaini didazuen guztioi. Biba zuek! 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!