Pazientziaren arkatza

Ume baten arkatzaren pare doa euskaldunon pazientzia. Idazten ikasten ari den umearen pultsua dardartia da. Sakon kalkatzen du, indarrez uzten du orrian arkatzaren puntaren arrastoa.

Ikasbidean bidezidorraren ertzak zehazten ari da, hizki bakoitzari bere forma eman nahian. Irakasleak arbelean idatzitakoa imitatzen eskua izerditzeraino ahalegintzen da. Arkatzaren punta borobiltzen zaionean hizkia ere narrasten joaten zaio, baina beti aldamenean ditu txorroskiloa eta ezabatzeko goma.
Euskaldunoi ere hala doakigu oraindik ulertu ezin dugun ikasgaia. Herriko tabernen auzian zabaldu diren txosten eta orriek, ordea, ez omen dute atzera bueltarik. Auzitegietan punta atera nahi diote gure errugabetasunari, eta gurekin zer ikusirik ez duten orriak betetzera behartu nahi gaituzte. Tatuaia baten moduan iltzatu nahi digute beldurra larru azalean, zernahi ezabagailuren lana alferrikakoa dela sinestarazteraino. Sei urteko haur batek lehenengoz bere izena idazten ikasten duen moduan, gu ere sinadura uztera behartu nahi gaituzte.
Zirriborroz bete nahi dute herri honen historia. Hizki larriz kondenatu nahi dute gure ahalegin ororen esku izkribua. Eskuz esku eta hitzez hitz eraiki dugun herriaren urrezko orriak ezin dira ezabatu, ordea. Gainetik pasa nahi duten tipex-aren azpian argi ikus daiteke gure lana.
Umearen ezaba gomaren pare ari zaizkigu pazientzia eta indarra jan nahian. Puxkaka, ertzak borobildu arte marruskadura lanetan. Baina guk, gure zazpi ertzak ondo zehaztuta ditugu, eta mingainak zorrotz, kamusteko beldurrik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!