Etengabeko trantsizioan dabil euskara

Joan den larunbatean eman genien amaiera MUGA jardunaldiei. Euskara gure erakundeetan: nahi eta ezinaren historia bat? izan zen jardunaldiei amaiera emateko hautatutako gaia. Etengabeko trantsizioan dabil euskara esanez eman zion hasiera Iñigo Urrutiak bere hitzaldiari; gure hizkuntzak XIX. eta XX. mendeetan izan duen estatus juridikoari zuen gaia, baina bai Eneko Zuloagak XIX. mendera arteko historia eginenean eta bai etorkizunaz hitz egiteko mahai inguruan esandakoek zentzu osoa eman zioten esaldi horri. Esana utzi zuen Koldo Mitxelenak euskararen iraupena dela benetako misterioa.

Hogeita hamar lagun pasatsu elkartu ginen Altzoko Batzarremuñon, sei gonbidatuen irakaspenak eta gogoetak entzuteko prest. Ez zieten huts egin aurreikuspenei eta benetan goiz emankorra bizitu genuen. Historialariaren eta zuzenbidearen ikuspegitik begiratuz hurbildu ginen erakundeen eta herritarren arteko harremanaren mendeetako historiara, gaur arte. Teoriatik hara, mahainguruan, ikuspegi praktikotik erreparatu genion gero etorkizunari, gaurtik hasita. 

Iragarri bezala, Eneko Zuloaga San Roman basauriarrak eman zion hasiera ekitaldiari. XIX mendera bitarte instituzioen eta herritarren  arteko harreman hizkuntzaz jardun zen EHUko Euskal Ikasketetako irakasle hau. Hain tarte luzea izaki, aski lan hartu zuen mugarri nagusiak hautatu eta haiek aurkezteko prestatzen. Irakaspen ederra eman zigun, eta, ideia nagusiak aipatze aldera, hauek nabarmendu daitezke: erdi aroko oso informazio gutxi iritsi zaigu; ezagutzen den XVI. mendeko informazioak euskaldunak instituzioetatik baztertzeko ekimenen zantzu argiak ditugu (alkate, epaile, ... izateko gaztelera nahita ez jakin beharra); XVII-XVIII mendetan oligarkiaren indartzearekin euskaldunak eta euskara aginte gunetatik baztertzeko estrategia argia garatzen da, eta gazteleraren jakintza eta erabilera derrigorrezkoa zen administrazioan, eskolan, medikuntzan, ...; euskaldun elebakarrak ziren, ordea, herritar gehienak eta horrek itzultzaileak edukitzea behartzen zuen administrazioa; euskarazko testigantza idatziak oso gutxi dira halere, gazteleraz jasotzen baitziren euskaraz esanak; etengabeak izan ziren liburuak euskaraz argitaratzeko debekuak hego Euskal Herrian XVII. mendean; ipar Euskal Herrian XVIII. mendean, Frantziako Iraultzak, guztiz zokoratu zituen frantsesa ez ziren hizkuntzak, tartean euskara; instituzioekin ez bezala, herritarren arteko harreman hizkuntza izaten jarraitu zuen. Hori guztia Euskal Herriko adibide dokumentalez horniturik eskaini zigun.

Iñigo Urrutia Libaronak, zuzenbide betaurrekoekin begiratu zien XIX-XX. mende arteko euskararen estatusari. Aipatu bezala, etengabeko trantsizioan dabil euskara esanez abiatu zuen hitzaldia. Denbora honetan menpeko gaituzten estatuen norabide uniformizatzaile erabatekoari aurre egin behar izan zaio; Foruek galga lana egin zioten hegoaldean, baina hauek guztiz galtzean euskara zokoratu eta gaztelera inposaketa erraztu zitzaien; estatu eredu uniforme eta homogeneizatua eraikitzeko enbarazu egiten zieten nazio-hizkuntza ez zenak, gure kasuan, euskarak. XX. mendeko gorabehera eta estadio politiko bakoitzak -Nazionalismoaren sorrera, Primo de Riberaren diktadura, errepublika eta 1931ko konstituzioa, Francoren diktadura, egungo diktadura osteko aroa, ...- aldaketa garrantzitsuak, txarrera zein onera, ekarri dizkigula esan zuen. Azken bizpahiru urte hauetan nabarmentzen ari den euskararen aurkako oldarraldia salatuz, itun politiko berri bat lortzeko premia bistaratuz eta jauzi kualitatiboa aldarrikatuz amaitu zuen. 

Bi hitzaldi mamitsuak entzun ondoren, atseden labur bat egin, eta mahaingurura bildu ginen. Euskara, irabazteko bidean? galderari erantzuteko ahalegina egin zuten Nekane San Migel Bergaretxek epaile ohiak, Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintza Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iñigo Urrutiak berak Kike Amonarrizen gidaritzapean. Ahobizarrik gabe jardun ziren gonbidatu guztiak eta emankorra izan zen, benetan.

Euskarak gure erakundeetan izan duen presentzia eta erabilerari buruzko balorazio historiko bate eginez hasi ziren. Aldaketa politiko bat egon den bakoitzean euskararen gaia mahai gainean egon dela, aurkako haizeari aurre egin behar izan diola askotan (euskararen aurkako 700 arau zenbatu dira), baina behetik gorako prozesuetan konfiantza behar dela erakusten digutela esan zuen Iñigok, euskararentzat estatus politiko berri bat lortu beharra aipatzen zuelarik. Idurrek, bere aldetik, egiturazko zapalkuntza egoera batetik gatozela, eliteek praktika linguistiko zapaltzaileak garatu dituztela eta garatzen jarraitzen dutela, eta pentsamendu feminista eta dekolonialen ekarpenetatik ikasteko premian jarri zuen azpimarra.  Nekanek, justizian administrazioan egindako ibilbide luzeari begirada eman zion mugarriz mugarri: 1980ko hamarkadako susperraldia eta baikortasuna, hurrengo hamarkadako auzitegiak euskalduntzeko urratsak eta azken urtetako beheraldia; esan zuen, azken bost urtetan 78.000 ebazpenetatik 200etan soilik izan duela euskarak tokia, eta bi bakarrik tramitatu direla osoki euskara hutsean. 

Euskararen eremuko egungo erakundeek (2 estatu + Erkidegoa, Nafarroa, Iparraldeko lurraldeak eremu zabalago batean) zertan ari diren asmatzen, zertan hobetu beharko luketen, eta zertan egin genezake bat galdetu zien gero Kikek. Argi eta garbi esan zuen Idurrek: estatuek espainola eta frantsesa instalatzeko politikak dituzte lehentasun, eta euskararen aldeko politikatxoak baimentzen dituzte; gertatzen ari dena ondo azaldu behar diogu gizarteari, gauzei bere izenetik deitu behar diegu, eta gihar soziala indartu behar dugu, 1960ko espiritua berreskuratu. Iñigok esan  zuen, Euskal Herria bi komunitatetan zatitua dagoela eta hori elikatu eta indartzeko politikak sustatzen direla agintea dutenen eskutik (EITB1/2, Hezkuntza ereduak, funtzionario postuak, ...), estatuak auzitegien bidez euskararen ibilbidea murrizten eta estutzen ari direla, eta daukagun Hizkuntza Politika gutxiengoetan oinarritua dagoela eta handira jotzeko garaia dela. Justizia administrazioari dagokionez, etsipenez hitz egin zigun Nekanek: arazoa zeinek, zer eta non erabiltzen duen da, esan zuen; debate faltsuez eta ezker-eskuinen utzikeriaz kexatu zen; zioen, euskara erabiltzeko jende prestua eta prestatua egon arren legelarien artean, hauei, auzitegietako entramatu handi, konplexu eta geldoa, espainolaren abaroan eroso dagoen gehiengoa eta gizartearen eskariaren eza aurka-jartzen zaie. 

Bizi dugu oldarraldi judiziala eta politikoa izan zen jorratutako hurrengo gaia. Iñigok, euskarari babes juridiko handiagoa emango dion itun politikoa zabal baten premia aldarrikatu zuen berriro; Idurrek, berriz, bataila kultural betean gaudela-eta, horren aurrean, uste faltsuak desegin (adibidez, alderdi politiko guzti-guztiek euskarak botoak galarazten dituela uste dutela esan zuen, eta hori ez dela herritarrak diotena) gizartea egituratu, indarrak batu eta errealitateari aurrez aurre begiratzeko unea dela esan zuen, eta horretan ari direla; Nekanek, justizia esparruan beherakada gelditu eta lehen abiatutako dinamikei berrekiteko garaia dela esan zuen, ahalegina eskatuko duela, baiona beharrezkoa.

Galdera txanda etorri zen gero, baina ez zuten denei erantzuteko tarterik izan. 13:50etan eman zitzaion amaiera mahainguruari eta, horrela, baita MUGA jardunaldiei ere. Harrera ona izan du egin dugun eskaintzak, piztu du jendearen jakinmina, eta asmatu dute gonbidatu ditugun adituek bertaratu garen gehienon nahiak asetzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!