Latin hizkuntzan idatzia dago ekitaldi hauek antolatzea bultzatu gaituen doaintza dokumentua. Altzon ezagunak zaizkigun izenak aipatzen dira bertan ordea, eta horiek euskaraz daude. Arrakala nabarmena somatzen da, mila urte geroago gainditu ezinik gabiltzana, administrazio alor desberdinekin harreman hizkuntza izateko topatzen ari garen trabak erakusten diguten bezala: gure administrazio amarauak eta subirotasun ezak euskararen aldeko estrategia bateratua garatzeko ezintasuna dela, herritarron hizkuntza eskubideak mugatuko dituzten epaiak direla, euskararen eskakizunak langileen diskrimizaiorako tresna gisa aurkezten dituzten sindikatu zenbaiten jarrera dela, etab. Hori izango da, beraz, larunbat goizean jorratuko dugun gaia: Euskara gure erakundeetan: nahi eta ezinaren historia bat?.
10:00etan, Instituzioen eta herritarren arteko harreman-hizkuntza XIX. mendea bitartean gaiari buruzko hitzaldia eskainiko du Eneko Zuloaga San Romanek (Basauri, 1985); Euskal Ikasketetan doktorea da, EHUko irakaslea eta Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kidea. Aldi luzea hiru ordu laurdenetan kontatzeko.
Ondoren, 11:00ak aldera, Iñigo Urrutia Libarona (Jatabe, 1966) izango dugu hizlari. Euskararen estatus juridikoa XIX. eta XX. mendetako trantsizioetan da jarri diogun gaia. Zuzenbidean doktorea eta EHUko irakaslea da; administrazio zuzenbidea sakondu du nagusiki, bereziki, hizkuntza gutxituen eskubideen alorra. Denbora tarte laburragoa baina mugarriz hornitua.
Hitzaldi bakoitzaren ondoren aukera izango dugu bi adituei galderak egiteko. Orain arteko historia ezagutzeko tartea amaituta, atseden txiki bat hartuko dugu, eta egungo egoeratik etorkizunaz hausnarketa egiteko mahaingurua abiatuko dugu. Gaia: Euskara, irabazteko bidean?
12:30ak inguruan emango diogu hasiera mahainguruari. Nekane San Migel Bergaretxe (Arrasate, 1953) epaitegietan euskara sustatzen ahalegindutako epaile ohia eta Idurre Eskisabel Larrañaga (Beasain, 1970) Euskalgintza Kontseiluko idazkari nagusia gehituko zaizkio Iñigo Urrutiari. Aipatu bezala, Euskara irabazteko bidean? izango dute gaia, eta Kike Amonarriz Gorria (Tolosa, 1961) soziolinguista ezagunak gidatuko du gogoeta mahaia. Bertaratzen geranok ere izango dugu galderak egin, iritzia eman edo gogoetak partekatzeko aukera.
Jardunaldi irekiak dira eta gonbidatuak zaudetete jakintzara eta hausnarketara guregana bildu nahi duzuen guztiak; ez dago aurrez izena eman beharrik, eta ongietorriak izango zarete bertaratzen zaretenak. Jardunaldi hauei amaiera emango dien ekitaldia izango da hau, eta muin-muinean ukitzen gaituen gaia da jorratuko dena. Zain izango gaituzue.