Sagastiak eta sagarra Altzon, duela mila urte eta orain

Hitz horiekin amaitu zuen bere hitzaldia Lourdes Odriozolak, bere diskurtsoan eraiki zuen borobila itxiz: 1025ean Olazabal baserriko andere eta jaunak egindako doantzan aipatzen ziren Altzoko izen -Olazabal, Zuaznabar, Artzadun eta Otsabio- eta sagastiak aipatuz hasi zuen, eta egun Zuaznabar-Barrena baserriak duen sagarrondo ustiaketa aipatuz amaitu. Aurretik, Xabier Alberdik, erdiaroko azken mendetan sagarrak erta sagardoak izan zuten garrantziaz hitz egin zigun. Ondoren, sektoren etorkizunari buruzko mahainguru mamitsua izan genuen.

Harrera bikaina izan zuen proposamenak, eta ia berrogeita hamar lagun bildu ziren joan den larunbat goizean Batzarremuñoko areto nagusian sagasti, sagar eta sagardoaren historiaz eta etorkizunaz gaian adituak eta arituak direnak esateko zutena entzutera. Aurreko ekitaldietan bezalaxe, ezinezkoa zaigu paragrafo gutxi batzuetan biltzea han esan zirenak, baina utziko ditugu aztarna batzuk.

Xabier Alberdi Albaola Elkarteko zuzendari eta historialariak eskaini zigun lehen hitzaldia.  XI-XVII mende-tartera eraman gintuen, argi utziz, dokumentazio gutxiegi dagoela tarte horretako lehen erdiari dagokiona eta gehiago dakigula bigarren erdiaz. Lehen tarte horretan, halere, topatu diren doantza eta salerosketa idatzietan, sagastiak dira ondasun aipatuenak soroekin batera: esanguratsua. Bigarren erdiari buruz jakin denetik, ondoriozta daiteke soberakin gehien sortzen zuen nekazaritzako sektorea izan zela sagardogintza, baserriak sagardogintzaren beharretara egokiturako faktoria agro-industrialak bihurtu zirela, eta sagardogintza negozio estrategikoa zela itsaso eta industria jarduerak hornitzeko.

Ondoren, Lourdes Odriozola historialariak, XI. mendez gero egun Altzo bezala ezagutzen dugun eremuan kokatutako komunitateak egindako ibilbide kronologikoa egin zigun. Honela eman zion hasiera hitzaldiari: Altzo gune garrantzitsua zen XI.mendean; ez da kasualitatea dokumentu hau -1025eko doantza dokumentua- hemen sortua izatea. Mendez mendeko ibilbidea egin zuen gero, dauden dokumentuetan oinarrituta, bakoitzean Altzok eta bertakoek izan zuten garapena, bizitako gorabeherak, eta izandako bilakaera azaltzeko. Bere hitzaldiaren bigarren zatia Zuaznabar Barrena baserriari eskaini zion; zorionez, dokumentu ondare aberatsa dute jasoa baserri horretan, eta bere genealogia zehatza eskaini zigun XVI. mendeko hastapenetatik egun arte. Ariketa bikaina, erakusgarri ederra, ezagutzeko nola iraun duten baserri horiek mendez mende, ze  estrategia erabili diren eskuz esku iragateko jarduerari eustsiz eta handituz ahal izanez gero.

Eta egungo egoeratik etorkizunaz hizketan jardun ziren gero mahainguruan sagarraren eta sagardoaren alorra oso ondo ezagutzen duten Maite Retolaza (Oiarte sagardotegia), Olatz Mitxelena (Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko koordinatzailea) eta Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzailea), Zuaznabar Barrenako Felix San Sebastiak sagatizaleak gidatuta. Sagardoak historian izan dituen aldaketez, egungoaren etorkizunaz, izan beharko duen bilakaeraz, eta egin beharko diren egokitzapenez aritu ziren, eta merkatuaren eskakizunetara egokitzeko dibertsifikaziora jo beharraz. Egungo sagardotegi modeloaz eta honek sagardoaren prestigioa mantentzeko balio duenez eta balioko duenez jardun ziren gero: tradizioa eta bilakaera nola uztartu, upategietako festa giroaz, txotxa edo botila mahaian, ikerkuntza beharra eta honen garrantzia ... Jatorri deiturak eta honen lurraldeak ere eman zuen zeresanik; argi gelditu zen nazio ikuspegiarekin dihardutela, baina begibistakoak direla zailtasunak administrazio banaketatik hasita. Eta amaitzeko, sektorearen jarraipena, eskualdatzea: zeinek egingo du lan sektore honetan? 1992an eta 2022an sagasti berean ateratako bi argazki erakutsi zituen Felixek , lehenengoan bere aita Joxe Manuel eta Berakoetxea baserriko Fermin sagar biltzen, auzolanean; bigarrenean, bere izenez aipatu zituen lau sagar-biltzaile afrikar.  Kezkak mahai gainean, erantzun  zaileko galdera asko, baina irtenbideak bilatzeko gogoa eta lanerako grina erakutsi zizkiguten. Lehen bi hizlariek historian gorabehera asko eta handiak izan zirela erakutsi ziguten, beheraldiek goraldi bat ekarri dutela gero. Bada, hori!

Eta horrelaxe amaitu genuen goizeko saioa. Arratsaldean, Elordi Elkartean,  sagardoari begiratzen, usaintzen, dastatzen eta edaten erakutsi zigun Mikel Garaizabalek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak gonbidatuta. Aldea dago, zanga-zanga edan edo ikusiz, usainduz, dastatuz edatea. Bai horixe! Ordubete bat izan zen, baina asko ikasi genuen.

Eta ari gara MUGA jardunaldi hauen amaierara heltzen. Euskarak erakundeetan izan duen eta duen tokia izango da datorren larunbateko gaia. Gori-gori dagoen gaia epaileek azken aldian ematen ari zaizkigun tratua dela merio. Batzarremuñon ikusiko gara, gustoa baduzue.

 

 

 

 

SEKTOREA ETA ETORKIZUNA

 

    Hurrengo gaia sakontzeko irudi pare bat erakutsiko det…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!