MUGA jardunaldiak: Sagargintza eta sagardogintzaren historia

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2025eko martxoaren 21a

Aurrera doaz Mila Urte Gipuzkoak eta Altzok (MUGA) ekimenaren baitan antolatutako jardunaldiak. Larunbat honetan, martxoaren 22an, laugarren ekitaldia burutuko da Batzarremuño aretoan, eta sagarra, sagastia eta sagardoa izango dira hizketagai. Xabier  Alberdi eta Lourdes Odriozola adituek hitz egingo digute iraganaz, eta Maite Retolaza, Olatz Mitxelena eta Unai Agirre gonbidatu ditugu etorkizuna marrazteko. Gero, arratsaldean, sagardo dastaketa Mikel Garaizabal adituarekin.

MUGA ospakizunaren sorburua den idatzian (1025), aipatzen diren lursail eta ondasunen artean, ugariak dira sagastiei egindako aipuak. Hori dela-eta, sagarrak, sagastiak eta sagardoak historian izan duen garrantziaz jardungo gara; bi hitzaldi eskainiko  dira lehenik eta, gero, etorkizunari buruzko mahaingurua izango dugu:

10:00etan, Sagardogintzaren garrantzia gure historian hitzaldia eskainiko digu Xabier Alberdi Lonbide (Zarautz, 1969). Historian lizentziatua da, Albaola Elkarteko ikerketa zuzendaria eta Donostiako Itsas Museoko zuzendari zientifikoa.

10:50etan, Baserriak eta sagardogintza Altzon  gaia jorratuko du Lourdes Odriozola Oiarbidek (Errenteria, 1964). Historian doktorea da, eta Gipuzkoako herri, lanbide eta usadioen ikerlari aditua.

Bi hitzaldien ondoren, bertaratutakoek izango dute beren galderak egiteko edo gogoetak partekatzeko tartea. Gero, atsedenaldi labur bat egin eta, 12:00ak aldera, etorkizunaz hausnartzeko mahaingurua izango dugu. Gaia: Sagardogintza etorkizunean. Gonbidatuak: Maite Retolaza Ojanguren (Elgeta, 1975), Zeraingo Oiharte sagardotegiko burua; Olatz Mitxelena Garmendia (Astigarraga, 1991), Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko koordinatzailea; eta Unai Agirre Goia (Hernani, 1975), Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzailea. Gidaria: Felix San Sebastian Rezola (Altzo, 1972), Zuaznabar baserriko sagastizalea.

Hori izango da goizeko ekitaldia. Arratsaldean, 19:00etan, Elordi Elkartean, SAGARDO DASTAKETA egingo dugu Elordi Elkartean. Euskal Sagardoa jatorri deitura elkartearen eskutik antolatu da, eta Mikel Garaizabal adituen azalpenak lagunduko digute sagardoa hobeto ezagutzen. Irekiak dira goizeko nahiz arratsaldeko ekitaldiak. Gonbidatua zaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!