Emakumearen genealogia ezagutu eta jakinarazteko premi handia daukagu

Izenburuan diogun hori izan zen joan den larunbateko jardunaldietako azken esaldietakoa, eta hiru adituek bat egin zuten horretan. Berrogei lagun inguru elkartu ginen Batzarremuño aretoan Agurtzane Paz Moro, Cira Crespo Cabillo eta Lorea Agirre Dorronsororen jakituriaren lagin txiki bat jasotzera. Muga jardunaldietako hirugarren ekitaldia zen eta Euskal Herriko emakumearen eraikuntza genuen gaia.

Zaila da, ezinezkoa, lau ordutan gonbidatutako adituek esandakoak lerro gutxi batzuetara ekartzea. Emakumeak gure historian jokatu duen eginkizuna apur bat ezagutzea zen helburuetako bat; aurkezpenean bertan garbi utzi ziguten historia idatzi dutenek oso gutxi idatzi dutela jende xeheaz, menpekoez, eta honek, noski, emakumearen historia ezkutatzen duela. Halere, ez zioten huts helburuari eta aretora sartzean ez genituen jakintza eta ikuspegien jakitun irten ginen bertatik. Aurkezpenean esan zuen Loreak, ez gaudela ohituak gisa honetako hurbilketa historikoak egitera, hausartzen zela berritzailea zela esatera, eta beharrezkoak direla.

Lorea arduratu zen, bai bi hizlariak aurkezteaz eta baita amaierako mahainguru mamitsua gidatzeaz ere. Egitarauak agintzen zuen bezala, Agurtzane Paz Moro historiagileak aurkeztu zuen lehen gaia: Erdi Aroko emakumeak. Estereotipoak baztertzen. Emakumeak Erdi Aroan zuen tokia (kokapen sozialak, lanak, antolaketa, ...) eta gizartean betetzen zuen eginkizunaren zertzelada nagusiak eman zizkigun. XIII-XIV. mendetik aurrera, gehiegi ez bada ere, ugariagoak dira dokumentu idatziak, eta horietatik abiatuta ateratako hainbat ondorio aurkeztu zizkigun. Hala esan zigun, garaia oso gutxi ezagutzen bada ere, dauden aztarnek, XI. mendean emakumeen askatasuna eta ahalmena handiagoa omen zela XIII. mendetik aurrera izango zuena baino, eta Erdiarotik Aro Modernoa deitutakora pasatzean, Pizkundearekin, Argien aroarekin, emakumeak gero eta zoko ilunenagoetara baztertuak izaten hasiko zirela.

Galdera txanda labur baten ondoren, Cira Crespo Cabilloren txanda heldu zen. Historialaria eta dibulgatzaile katalanak, euskaraz, Euskal Herriko emakumearen eraikuntza historian, irakurketa dekolonial bat gaia jorratu zuen. Nola egiten dugu Euskal Herriko emakumeen historia? Publikoak nola jasotzen du egiten dugun euskal emakumeen historia? Zein irudi dauka Euskal Herriko emakumeen historiak? Galdera horiei erantzuten eta zenbait kontzeptu deseraikitzeko eta argitzeko ahalegina izan zen berea. Bi adibide: Matriarkatua dikotomia faltsu bat sortzeko patriarkatuak sortu eta tabu bihurtutako kontzeptua izan da Ciraren iritziz; eta Emakume hitza, XIX-XX. mendera arte oso gutxi erabilita emazte, andre edo andere hitzen ondoan.

Bi hitzaldi trinko horien ondoren, atsedena hartu eta mahainguruaren ordua iritxi zen. Esan bezala, Lorea Agirrek gidatu zuen, eta aipatu hizlariekin eta bertaratutako entzuleekin solasladi mamitsua osatu zuen. Sarreran esan bezala, azken ondorioa, emakumearen historia, genealogia ezagutu, prestatu eta gizartean ezutrazteko premia handia da.

Ordubiak ate-joka eman genion amaiera ekitaldiari. Guztiz desberdina izango dugu hurrengo larunbateko gaia, Sagargintza eta sagardogintzaren historia. Agurtzanen esanei kasu egiten badiogu, ez da makala izango historia horretan emakumeek izan duten tokia eta betetako zeregina.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!