Hirurogei lagun inguru elkartu ginen Batzarremuñon, gehienak altzotarrak, baina ez ziren gutxi inguruko herrietatik etorritakoak ere. David Zapirain historialariak eskaini zigun lehen hitzaldia; Altzotik Altzora. Ibilbide historikoa zuen gaia, eta galdera honekin eman zion hasiera: asko aldatu al da herria zuen ikuspegitik, zuek ezagutzen duzutenetik? Duela 20 urte pasatsu Altzori buruz idatzi zuen liburuan xehatutako gertaera nagusien inguruan jardungo zela uste genuen, baina zertzeladaren batzuk utzi bazizkigun ere, historia egiteko eta ulertzeko moduetan sakondu zuen, historia idazteko moduetan, eta oroimenean gordetzen dugun historia zatiaren transmisioak duen garrantzian. Zeinek, zer eta non egin duen da historialariak kontatzen duena, baina bere galbahetik pasata, berak erabakitzen du zer eta nola kontatu. Altzori buruz zer diote idatzi zaharrek? Horietan arakatuz aurkitu dugunarekin idatzi dugu historia bat, baina aiton-amonek beren aiton-amonei kontatu zietena jasotzen baduzue historiaren zati handi bat ezagutuko duzue esan zigun.
Sarrera aproposa egin zien ondorengo hizlarie, Altzoko oroimen biziaz jardun baitziren hauek. Lantzen ari diren eta urte amaiera aldera argitaratuko duen liburuaren edukiez jardun ziren. Mikel Gorrotxategik, Euskaltzaindiako onomastika arduradunak, toki eta baserri izenak dituzten oinarriak (orografikoak, generikoak, landaretza, aberetza, mitologiagikoak, jabetzak, lanbideak) azaldu zizkigun lehenik eta, ondoren, Altzoko baserri izen batzuk aztertu eta azaldu zituen adibide gisan; denbora gehiagon entzungo genukeenean gelditu ginen. Manu Olanok, bere aldetik, azken bi-hiru urte hauetan Altzoko etxeen, hauetako herritarren eta bizimoduetan egindako arakatze eta biltze lanaren zehaztasunak eman zizkigun: baserriez, bizimoduez, bizibideez, harremantzeko moduez, ... Mikelekin bezala, gehiago jakiteko gogoz gelditu ginen; jarraituko zukeen Manuk, baina honelakoetan denborak ez du barkatzen. Urte amaieran etorriko zaigunaren zain gelditu ginen, irrikaz.
Ordu laurden bateko atseden txiki bat eta, 12:30ean, kiribilduta geunden berrogeitaka lagun, gehienak herritarrak baina baita ingurukoak ere, Altzoren etorkizunari begira, iragarri nahian baino eraikitzen jarraitzeko gogoz. Nekazaritzari, paisaiari, etxebizitzari, ekonomiari, euskarari eta kulturari, eskola eta hezkunztari, gaztediari, zahartzaroa eta zaintzari ... buruz jarri gintuen hizketan Agustinek. Sakontasun handiko gaiak denak, denbora gutxian ukitu behar izan genituenak, baina nahikoa zer esana eta zer egina badugula konturatzeko. Tentuz entzun beharko ditugu berriro larunbatean esandakoak, eta jarraitu beharko dugu!
Bi asteko atsedena izango dute orain MUGA jardunaldiek. Martxoaren 15ean ekingo diogu berriro, eta Euskal Herriko emakumearen eraikuntza izango dugu lehen gogoeta gaia.