MUGA jardunaldiak: Altzo atzo, gaur eta bihar

Datorren larunbatean, otsailaren 22an, 10:00etan hasita, burutuko da bigarren ekitaldia.  Altzo atzo, gaur eta bihar izango dugu gaia eta herriaren historiari argia egingo dioten hitzaldien ondoren, bertara bildutakoen arteko solasaldia izango dugu gaurko begiradatik etorkizunaz hitz egiteko.

Ohi bezala Batzarremuño aretoan izango da ekitaldia.  Jardunaldi hauetan gai guztiek izango duen tratareari jarraituz, ibilaldi historikoaren inguruko bi hitzaldi izango dira lehenik eta, gero, etorkizunari buruz jardungo gara bertaratzen garen arteko solasaldian. Hona egitaraua:

10:00etan, Altzotik Altzora. Ibilbide historikoa (X-XX) gaia jorratuko du David Zapirain Karrika (Trintxerpe, 1968) historialariak. Ereiten Kultur Zerbitzuak taldeko partaidea da egun, baina berari zor diogu Altzoren historiaz argitaratu den liburu osoena: Altzotik Altzora, ibilaldi historikoa Altzon zehar (Aranzadi, 2002). 

11:00etan, Altzoko baserriak bizimoduak eta beste gaia aurkeztuko digute Manu Olano Jauregik (Altzo, 1955) eta Mikel Gorrotxategi Nietok (Bilbo, 1963). Lehena, Altzoko pasarte historikoak aztertzen ari da azken urtetan eta bigarrena, Euskaltzaindiako Onomastika zerbitzuko arduraduna da. Bien artean lagunduko digute ulertzen nola joan den eratzen Altzoko herria: hainbat toki eta baserri izenen jatorria ezagutzeko aukera emango digu Mikelek, eta eratzen joan den hezurduraren xehetasun batzuk Manuk.

Bi hitzaldi horiek amaituta, atseden txiki bat hartuko dugu bixigarri bat hartzeko-edo, eta goizeko azken saioari helduko diogu: herritarren arteko solasaldia egingo dugu Altzoren etorkizunari begira. Agustin Amiano Gurrutxagak (Altzo, 1960) gidatuko du saioa, eta, Ana Mari Amiano, Fermin Murua, Lorena Uriarte eta Pello Olano herritarren laguntzaz,  etorkizuneko Altzok leuzkakeen desafioak azaleratzen saiatuko dira bertan biltzen direnen iritziak eta gogoetak biltzeko.

Aurreko astean bezala, 13:30ean emango zaio amaiera ekitaldiari. Gaia Altzo izanik, pentsatzekoa da herritarrek izango dutela gaiarekiko jakin-min handiena, baina iruditzen zaigu interesgarria dela bertakoak ez direnentzat ere eta baita altzotarrentzat ere bertakoak ez direnen begirada. Irekia da jardunaldia interesa duen guztientzat, eta besoak zabalik hartuko ditugu bertaratzen diren guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!