Memoria da gure identitatea, pertsonala zein kolektiboa

Agindu bezala, joan den larunbatean burutu zen MUGA jardunaldien lehen ekitaldia.  Irulegitik (k.a. 78) Nafarroako erresuma eratu eta sendotutako garaitara (k.o. 1200) ekarri gintuen Gaizka Arangurenek eta XI. mendeko testuinguru sozio-politikoan sakondu zuen ondoren Josu Narbartek. Maddi Alberdi eta Haritz Azurmendi gehitu zitzaizkien gero, Euskal Herriaren historiaz eta etorkizunaz mintzatzeko. 

Berrogei bat lagun elkartu ginen Batzarremuño aretoan goizeko 10:00etan hasi eta 13:30etan amaitu zen saiora. Gaizka Arangurenek proposatuta, hitzaldien ordena aldatzea erabaki zen: lehenik, Gaizka berak eman zituen euskal gizartearen erakundetzearen hastapenetako xehetasunak eta, testuinguruan kokatuta, Josu Narbartek "XI. mendeko testuinguru sozio-politikoa"n sakondu zuen. Mamitsuak izan ziren hitzaldiak, eta hala izan zen ondoren gauzatu zen mahaingurua ere. 

Atzerako begirada eginez, milaurteko ospakizun honen eragile izan den 1025eko doaintza testuak hala eskatuta, XI. mendeko antolakuntza soziopolitikoa eta geopolitikoa izan zuten nagusiki hizpide. Azaldu ziguten, ezagutzen diren dokumentuek antolakuntza eredu bat bazela erakusten dutela, erregetzen, jauntxoen, monastegi handien eta elizen arteko indar-harreman, ondasun truke eta negozioetan sustengatzen zena, eta lurraldea nola eta zeinen menpe egituratzen zen aldian aldiko trukeen arabera. Argitu ziguten orduko eliza pribatuen eta ofizialen arteko desberdintasuna, lurraldearen kontrolean zuten egitekoa, Iruñea edo Nafarroako erregeen esaneko jaunen eta tenenteen funtzioa, eta horren baitan, argia egin zioten Iruñeako erregearen eta Ipuskoako jaun andereen arteko harremanari eta betetzen zuten egitekoari. Eta, herri xehea eta honen antolamendua? Josu Narbartek esan zuenez, putzu iluna da hori, ezer gutxi dakiguna. 

Duela mila urte inguruko historiari begirada eman ondoren, gaur egunetik aurrera begiratzeko txanda etorri zen. Etorkizuna eraikitzeko oroimen historikoak duen garrantziaren inguruan jardun ziren Maddi Alberdi, Gaizka Aranguren eta Josu Narbarte ederki asko gidatu zituen Haritz Azurmendiren eskutik. Bat etorri ziren honoko arrazoi honen inguruan: memoria da gure identitatea, pertsonala zein kolektiboa; pertsona askoren oroimenaren baturak sortzen du kolektiboa eta hor eraikitzen da identitatea. Egia bakar gisara heldu zaigun historia zalantzan jartzearen garrantziaz, ezkutuan eta isilduak gelditu diren emakumeak eta herri xeheaz, arkeologiak isilduak izan diren horiengana hurbiltzeko eskaintzen dizkigun baliabideez, iruditeria kolektiboa berrinterpretatu beharraz, gaur arte iraun duten herriak antolatutako komunitate askoren gain-jartze gisan ulertzeko premiaz, feminismoa eta beste hainbat gizarte mugimenduetatik nazio eraikuntzara hurbiltzeko era desberdinez, ezarri dugun sakabanatze administratiboa eta gero eta zabalagoa den arrakala -muga- mentala, partekatzen dugun kultura eta herri-kohesioa elikatzeko transmisioa eta hedapen estrategien garrantziaz, kalearen zati handia bereganatu duten pantailetan tokia eduki eta irabazteko beharraz, Erkidego Autonomokoek Euskal Herri osoaren errepresentazioa hartzeko joerez eta duen aurkako eraginaz, beste globalizazio garaitan euskaldunak erresilentziarako izan dugun gaitasunaz, herri aktibazioaren beharraz eta garrantziaz, egun euskalduna izateko dauden era anitzez, nazionalismoaren definizioak izan duen bilakaeraz gurean ... jardun zitzaizkigun. Eta mezu baikor batekin amaitu genuen: aurreko globalizazio garaitan euskaldun komunitateak asmatu badu bizirauten, zergatik ez hurrengoetan? Testuinguru geopolitiko, sozialak eta kultural aldakorretan praktikoak izan behar dugu, eta, ongizate garaiotan,  bizitza hobea berma dezakegula erakutsi. Latza, desafioa!

Datorren larunbatean jarraituko dugu. Altzo eta altzotarren historia eta etorkizuna izango ditugu hizpide. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!