Larunbatean hasiko dira Muga jardunaldiak, Altzon

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2025eko otsailaren 12a

Larunbatean, otsailaren 15ean, egingo da Altzoko Batzarremuño aretoan, Mila Urte Gipuzkoak eta Altzok (Muga) egitarauaren baitako lehen ekitaldia, antolatu diren jardunaldiei hasiera emango diena, hain zuzen. 10:00etan hasiko da, eta honakoa izango da gaia: Nafarroako Erreinua eta (G)ipuzkoa: Iruñeko erresumatik Euskal Herrira Gipuzkoatik.

Jardunaldi guztietan jarraituko zaion egiturari loturik, ibilbide historikoa ezagutzeko bi hitzaldi eskainiko dira lehenik eta, ondoren, mahai ingurua izango da etorkizunaz gogoetatzeko. Eskuarteko gaia jorratzeko adituak izango ditugu bidelagun. Hau da egitarau zehatza:

10:00etan, XI. mendeko testuinguru sozio-politikoaz mintzatuko zaigu Josu Narbarte (Irun, 1992), Arkeologian doktorea eta Arantzadi Zientzia Elkarteko arkeologia saileko kidea.

11:00etan, Erakundetzea historian zehar gaia jorratuko du Gaizka Arangurenek (Iruñea, 1967); kazetaria eta Euskal Herriaren historian aditua dugu bera.

Atseden txiki bat egingo dugu eta, ondoren, 13:30ak bitartean, etorkizunaz gogoeta egiteko mahai inguruari ekingo zaio. Etorkizunean estatus berria? izango dute gaia, eta Maddi Alberdi (Eibar, 1999) EHUko doktoregaia eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea gehituko zaie aipatutako bi hizlariei. Haritz Azurmendik (Albiztur, 1991), Gizarte Zientzietan doktore eta Jakin taldeko kideak, gidatuko du eztabaida.

Irekiak daude jardunaldiak jakintzara eta hausnarketara guregana bildu nahi duzuen guztiori; ez dago aurrez izena eman beharrik, eta ongietorriak izango zarete bertaratzen zareten guztiak. Zatozte eta begira diezaiogun joandako milakoari, eta hausnartu datozen milak eraikitzen jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!