Euskararen Historia: eta datozen urtetan zer? Ze bilakaera izango du?

Hasieran urruti antza ikusten bagenuen ere, azkar, Korrika, iritsi zaigu amaiera. Ikastaro honetako azken hitzordua izango da eta Euskararen etorkizunaz gogoeta egiteko elkartuko gara Altzoko Batzarremuinon, etzi, larunbata, goizeko 10:00etan. Idurre Eskisabel, Eneko Gorri, Intza Gurrutxaga eta Iñaki Martinez de Luna izango ditugu bertan, eta Kike Amonarrizek gidatuko du mahaingurua.

Aurreko kronikatxoan aipatu genuen bezala, Garikoitz Goikoetxeak eman zion amaiera Euskararen Historiaren ikastaro honetako historia atalari. Haritz Azurmendiri hartu zion lekukoa eta 1975etik gaur egunera arteko ibilbidea egin genuen berarekin. Bere hitzetan, aldi honetako lehen hiru hamarkadetako irakinaldian euskalgintzak egindako urrats irmoak eta gero, bi hitzetara ekarrita, zalantza aroa da bizitzen ari garena azken bi hamarkadetan. Datu ugariren irakurketa soziolinguistiko zehatzetan oinarritu zuen bere jardunaldia, emankorra eta argia.

Sinpleak bezain erantzun zailekoak dira larunbatean egingo ditugun galderak: Eta hemendik aurrera zer? Zein da euskararen egoera eta iragar geniezaiokeen etorkizuna? Mundu global eta gero-eta teknifikatuago honetan gurea bezalako hizkuntzek izango al dute tokirik? Zer etorkizun eraiki geniezaioke? Zer egin behar dugu? Zer egin genezake? 

Adituak eta arituak dira galdera horiei eta beste hainbati heltzeko osatu dugun mahai kideak: Kike Amonarrizek ez du aurkezpenik behar, baina ezta Idurre Eskisabelek, Intza Gurrutxagak, Iñaki Martinez de Lunak eta Eneko Gorrik ere. Lurraldea, generoa, adina, ekimen eta ezagutzen duten erakunde tipologia ... Aniztasuna du mahaiak. Errealitate desberdinak bizi dituzte, eta horrek eta bertaratzen garenon ikuspegiak, asko aberastuko dute osa genezakeen argazkia.

Hirurogeitaka pertsonak eman dugu izena ikastaro honetan. Ez gara den-denak elkartu orain artean. Azkeneko egun honek, besteek bezala, badu mamia, eta gehien-gehienak bertan izango gara ziurrasko. Horrela bukatuko dugu aurtengo ikastaroa. Elordi Elkartean elkarrekin bazkalduz itxiko dugu urtarrilaren 20an hasi genuen ilbideko langa. Berriro irekitzeko gisan utziko dugu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!