Badator Korrika: girotze ekitaldia Altzon

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2024ko martxoaren 7a

Badator 23. Korrika eta, ohi bezala, Girotze Ekitaldia antolatu dugu Altzon. Igandean izango da, martxoaren 10ean, eguerdian. Koruak eta Udalak antolatutako Arimaz orkestaren kontzertua izango dugu lehenik eta, ondoren, herriko plazan elkartuko gara Korrika laguntzeko materiala eskaintzeko eta, festa giroan, herritarron artean kilometro bat erosteko haina biltzeko.

Martxoaren 23an, ordubata inguruan, igaroko da Korrika Altzoko lurretatik, Borda baserri ingurutik Artzabaltza ingururaino doan bide-gorritik. Gustatzen zaigu, baina, aldez aurretik helduen euskalduntzearen aldeko ekimen honen aldeko giroa sortzea, dela euskal kultura sustatuz, dela herritarrak bildu eta beren ekarpena egiteko aukerak eskainiz.

Horietako ekitaldia izango da datorren igandekoa: Arimaz orkestaren kontzertua izango da Altzo-muinoko elizan, 12:00etan, eta, ondoren, 13:00ak aldera, festa giroa jarriko dugu herriko plazan: Korrikaren materiala eskuratu ahal izango da, herritarren artean kilometro bat erosteko ekarpena egiteko aukera egongo da, eta baita Elordi Elkarteak prestatutako pintxoak dastatzeko ere. Biltzen den guztia herritarron artean kilometro bat erostera zuzenduko da.

Anonymus Popular izan genuen joan den ostiralean, aurkeztu dizuegu datorrena, eta Korrika hurbildu hala izango ditugu ekimen gehiago: Imaz Bertsolaria Eskolak antolatutako Korrika Txikia martxoaren 21ean arratsaldean eta Bizkarsoro pelikula martxoaren 22an iluntzean. Nola ez, bidean izango gara martxoaren 23an. Helduen euskalduntzean murgilduta dauden guztien ahaleginaz harro!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!