Euskararen Historia. Laugarren saioa.

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2024ko otsailaren 29a

Euskararen Historia ezagutzeko egiten ari garen bidai azkarraren laugarren etapa burutuko dugu larunbat honetan, etzi, Altzon, Batzarremuinon, goizeko 10:00etan hasita. Garikoitz Goikoetxea soziolinguista elduaindarrak eskainiko du ikastaroa, eta Euskalgintzaren berregituratzea eta indarberritzea, 1975-2023 izango du hizketa gaia.

Antolatu dugun ikastaroaren azkenaurreko saioa izango da larunbatekoa, baina Euskararen Historiari dagokionez azkena, ze ikastaroaren azkeneko saioa etorkizunera begira jartzeko baliatuko baitugu. Azkarra izan bada ere, arretagunez betea eta jakintza printzez jantzia izan da, ezin bestela, Borja Aristimuino, Blanca Urgell eta Haritz Azurmendirekin egin dugun auskalo noiztik hasi eta joan den mendearen azken laurdera arteko ibilbidea, bide eta bidezidor.

Frankismoaren ahulaldiatik hasi eta gaur arte euskara jendeak berregituratzen eta euskara indarberritzen egin duen ahaleginaz eta giltzarriez ariko zaigu Garikoitz Goikoetxea ikastaroa honetara izena eman dugun hirurogeikoari. Hala idatzita utzi zuen Garikoitzek bere Euskara irabazteko bidean (2016) liburuaren sarreran: “Arnasa luzeko bidea da euskara biziberritzea. Mendi igoera batekin aldera daiteke. Frankismoa artean bizirik zela, zimendua jarri zuten ibilbideari ekiteko; hizkuntza bera bateratu zuten, euskarazko eskolak sortu zituzten umeentzat eta helduentzat, eta biderako ilusioa eta gogoa piztu zuten”.

Horretaz, Frankismoaren ondoren garatu den antolaketa administratiboaz, euskalgintzaren erakundetzeaz, lorpenez eta galerez, eta azken hamarkadetan teknologiak izandako garapen azkarrak, globalizazioak, gertaera sozio-ekonomiko-politikoek, migrazio fluxuek eta abarrek  euskal gizartean eta euskaldun komunitatean eragindako aldaketez eta, ondorioz, euskarak egun bizi duen egoeraz eta mundu txikitu honetan duen kokapenaz jardungo zaigu, bere jakintza eta ikuspegia partekatuz bertaratzen garenokin, eta iritzi trukerako aukera emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!