Euskararen Historia. Hirugarren saioa.

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2024ko otsailaren 15a

Etzi, larunbata, beste urrats bat emango dugu Euskararen Historia ezagutzeko bidean, Altzon, Batzarremuinon, 10:00etan hasita. Azken urtetan Euskararen Historia Soziala ikertzen ari den Haritz Azurmendi Arrueren txanda izango da, eta Pizkundeak eta atzerakada berria. 1800-1975 izango du hizketa gaia. 

Lehen bi saioetan, Borja Ariztimuinok ekarri gintuen X. menderarte, eta, bigarren ekitaldian, Blanca Urgellek mende horretatik XVIII. mendera bitartean euskarak izan duen bilakera hobeto ulertzeko azalpen batzuk eman zizkigun. Batzuk diogu, azaldu beharreko aldiaren zabalak eta aldi horretako une giltzarri eta lekukotasunen ugariak hautaketa lan zorrotza egitea eskatu ziotelako. 

XIX. mendean zehar, estatu espainiarraren eta frantziarraren eraikuntzak, industrializazioak, gizartearen modernizazioak eta Karlistadek errotik aldatu zuten Euskal Herria, eta kinka larrian gelditu zen euskararen etorkizuna.  XIX. mende amaieran eta XX mendearen hasieran, ordea, ortzi-muga berri bat asmatu zuen Pizkundea deituak  euskararentzat: noranahiko hizkuntza bilakatzea. Loraldi hori eten egin zuen 1936ko Gerrak, are, ondorengo hamarkadetan luzatu zen Frankismoak. Gero baina, 1960ko hamarkadak berarekin ekarri zuen astinaldi sozial, politiko eta kulturalak indarberritze aldi berria ekarri zuen euskararentzat. Horretaz guztiaz ariko zaigu Haritz Azurmendi Arrue (Albiztur, 1991), eta euskararen egungo egoerara hurbilduko gaitu gertaerak ulertzeko beharrezkoak zaizkigun azalpenak emanez. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!