Euskararen Historia. Bigarren hitzordua

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2024ko otsailaren 2a

Bihar, larunbata, emango zaio jarraipena Altzon Euskararen Historia ikastaroari, Batzarremuinon, 10:00etan hasita. Blanca Urgell hizkuntzalari aditua izango dugu bertan, eta Euskara, jalgi adi kanpora, XI-XVIII. mendeak izango du hizketa gaia. 

Borja Ariztimuinok (Tolosa, 1986) eman zion hasiera ikastaroari urtarrilaren 20an. Jakin nozitik X. mendera gure lurretan hizkuntzek egin duten ibilbideen inguruko hipotesiez, euskararen arbasoen zabalkunde arrastoez, hizkuntzaren barne-aldaketak ulertzeko gertaerez, egungo euskararen antzinako aztarna izan daitezkeen aurkikuntza apurrez, eta, hauetatik zehaztasun benetakoetara heltzeko hizkuntzalaritza zientziak dituen zailtasunez aritu zitzaigun tolosar gaztea, era ulergarrian.  

Blanca Urgellek (Gasteiz, 1962), bihar, Euskararen Historian barneratuko gaitu. Euskal Filologian doktorea (EHU), lexikologian aditua, eta, besterik beste Euskaltzain urgazlea da bera, eta XI-XVIII. mendeartean euskarak egin duen ibilbideaz eta mugarriez ariko zaigu. Euskarari buruzko aipu idatziak ugaritu eta euskara idatzia indarrez agertuko zaigun aldi honek, Nafarroako erreinuaren loraldia eta gainbehera, Iberiar penintsulako erreinuen arteko etengabeko gatazkak, Europako erligio sestrak, eta, amaieran, Frantziako iraultza ezagutuko ditu. Hizkuntza erromanikoen garatze eta errotze garaiak dira, artez, moldez eta legez. Euskalkien sorrera ere denboraldi honetan kokatzen du zenbait adituk. Giro nahasi eta zailean, halere, euskara idatziaren aroa zabalduko da XVI. mendean: Bernard Etxepare, Joanes Leizarraga, Oihenart, Axular, ...  Iparraldetik dator haizea eta hegoaldera sartuko da denbora aldi honen hondarrean: Manuel Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu …. Eta horiekin euskararen lehen gramatikak.

Jatorria atzean utzirik, hizkuntza iraunarazi ez ezik biziarazteko eginahalen lorratzetan ibiliko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!