'Euskararen historia' ikastaroko izen-ematea, zabalik

Euskararen historiari buruzko ikastaroa antolatu dugu Altzon herriko Kultura Batzordea eta Galtzaundi Euskara Elkartearen artean. Urtarrilaren 20an emango zaio hasiera ikastaroari eta zabalik egongo da izen-ematea hilaren 18ra arte, berau barne.

Duela bi urte hasi zen Altzoko udaleko Kultura Batzordea gure herriaren historia hobeto ezagutzeko ikastaroak antolatzen. Euskal Herriaren historia izan genuen ikasgai 2022ean eta 2023an, hurrenez hurren, Gaizka Aranguren eta Asisko Urmenetaren eskutik.

Aurten, 2024an, geure hizkuntzaren, euskararen, historia ezagutu eta etorkizunaz gogoeta egiteko ikastaroa antolatzea erabaki dugu. Galtzaundi Euskara Elkartearekin elkarlanean zehaztu eta antolatu dugu ekimena: urtarrilaren 20an, larunbata, antolatuko da lehen ekitaldia, eta martxoaren 16an izango du bukaera; bost ekitaldi antolatuko dira osotara, larunbat goizetan, bi astez behingo maiztasunarekin.

Aurre-historiatik hasi eta, lau ataletan banatuta, gaur egunera arte ekarriko da gaia Borja Ariztimuño, Blanca Urgell, Haritz Azurmendi eta Garikoitz Goikoetxea adituen bitartez; amaierako eguna, etorkizuna ikuskatzeari dedikatuko zaio: Idurre Eskisabel, Eneko Gorri, Intza Gurrutxaga eta Iñaki Martinez de Luna adituek (Jon Sarasuaren tokia hartuko du azken honek, azken uneko gorabehera bat tarteko, ez duelako hark bertaratzerik izango) osatuko dute Kike Amonarrizek gidatuko duen mahaia.

Irekia dago izen-ematea eta urtarrilaren 18ra arte luzatuko da; internet bidez Galtzaundi.eus webgunean, edo, aurrez aurre, Altzoko udaletxean zein Galtzaundiren Tolosako bulegoan egin ahal izango da. Esteka honetan duzue informazio xehatua (datak eta ordutegiak, atal bakoitzaren xehetasunak, prezioa, izena emateko formularioa, ...)  eta, noski, izena emateko lotura.

Iragana ezagutu gabe ezin da etorkizuna eraiki. Ikastaroa irekia da bertaratu nahi duen guztientzat. Animatzen dugu jakintza foro hau gurekin partekatu nahi duen oro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!