Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2023

Indarkeria matxistari aurre egiteko, bertso-klown!

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2023ko azaroaren 23a

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren bezperan, azaroaren 24an, bertso-klown saioa eskainiko dute Altzon Beatriz Egizabal klownak, eta Alaia Martin eta Eli Pagola bertsolariek. Batzarremuino aretoan izango da emanaldia, 19:00etan. 

Bat-batekotasuna oinarri duten bi sormen mota uztartuko dira: klowna eta bertsoa, bertsoa eta klowna. Beatriz Elgezabal umoregile feministak proposatuko ditu gaiak umorez jantzitako bakarrizketa laburren bidez. Bertsolariek berriz, ohi bezala, gaietan murgildu eta horien muinak eta ertzak bistaratzen ahaleginduko dira ondoen dakiten gisan, hitzen bidez. Hiru ahots elkarlanean, gai serioei umorez eta feminismotik ekinez. Beatriz Egizabalen egiteko moduek, oholtzan egoteko eta jarduteko ohikoak ez diren moduak eskatuko dizkie bertsolariei. Saio dinamikoa eta, hainbat zentzutan, berritzailea eskainiko dute ordubete inguru iraungo duen jardunean. 

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira antolatutako bigarren ekintza da hau; azaroaren 3an Ztandap ikuskizuna izan genuen eta, amaiera emateko,  elkarretaratzea egingo da azaroaren 25ean, 18:00etan, Altzoko plazan.  Parte hartzera deitu dute antolatzaileek: Altzoko Udalako Berdintasuna batzordeak, Kultura batzordeak eta Mariren Alabak taldeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!