Altzoko Imaz Bertsolaria Eskolak 25 urte: aurkezpen ekitaldia, larunbatean, 12:00etan
Duela 25 urte, 1998ko irailaren 9an, berriro zabaldu zituen bere ateak Altzoko Imaz Bertsolaria Eskolak zortzi urteko itxialdiaren ondoren. Hori eta hogeita bost urte hauetako ibilbidea ospatzeko, hainbat ekintza burutuko dira ikasturte honetan zehar. Egitaraua prestatu eta koordinatzeko eratu den Batzordeak –herritar, guraso, ikasle, irakasle eta udalkidez osatua– ekimenaren hasiera ekitaldia antolatu du eskola komunitatea elkartu, diseinatutako kamisetak, apropos prestatutako kantua eta ikasturteko egitaraua aurkeztu, urte hauetako ikasleen argazki handia ateratzeko. Amaiera, nola ez, mokadutxoa eginez emango diogu. Larunbatean, urriaren 21ean, 12:00etan emango zaio hasiera ekitaldiari.
Imazen Pagopean antzerki herrikoi ibiltaria, igandean, 11:00etan
Eta hurrengo egunean, igandean, urriaren 22an, 11:00eta abiatuko da Altzoko plazatik Imazen Pagopean herri-antzerki ibiltaria, Altzoko eskolari izena ematen dion bertsolariari eskainia. Egingo duen ibilbidean, Altzoko zenbait paraje -Geiza eta Harrima- eta Manuel Imaz Garaialde bertsolariaren (1811-1893) jaiotetxea eta azken bizitokia -Legarre eta Arretxe baserriak- igaroko dira, tartean-tartean, antzerki atalak eginez. Agustin Amianok idatzi du gidoia, eta hainbat herritarrek egingo dituzte aktore lanak. Ikuskizunera hurbiltzen direnek, ibilaldi polita egiteko aukera izango du Altzoko Imaz Bertsolariari dagozkion pasadizoak biziz; ikusleok ere garaitsu hartako arropez janzten bagara, jantzi dotorea emango diogu ikuskizunari.