Bukatu da aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa guretzat. Pozik ez, ez direlako pilotari guztiak egoera fisiko onenean iritsi txapelketa honetara eta ez dutelako behar beste gozatzerik izan, eta punttu onean iritsita aukerak bagenituela uste dugulako. Baina haserre ere ez, Altzorentzat maila honetan parte hartzea hutsa meritu handikoa da-eta.
Pasa dira lau egun partidak jokatu zirenetik, baina utzi beharra zegoen testigantza Ataria honetan. Sarreran esan bezala, nahiz eta atzeakargarekin joan Azkoitira, aurreko asteburuan, Altzon, bi partida galduta eta bakarra irabazita, kanporaketa iraultzeko ilusioarekin joan ginen atanotarren herrira. Ez zen nahikoa izan.
Hala ekin zioten Iraitz Lizarribar eta Amets Uzkudunek kadeteen arteko lehiari, ilusioz eta gogoz. Aurrean ez zituzten edonor, Gipuzkoako Elkarte arteko kategoriako txapeldunordeak. Partida ez zen ondo hasi gureentzat, Astigarraga atzelari azkoitiarra izugarriak ematen eta Aranbarri sakearekin min ikaragarria eginez, 1-8 galtzen ziren gureak aimaria batean. Baina gogoarekin, eta batik bat pilotan oso ondo jokatuz eta partida gogortuz, poliki-poliki, 13na berdintzea lortu eta 16-14 aurretik jartzea lortu zuten gureek. Hementxe egin zuen Ametsek partida osoko ia huts bakarra -ikaragarrizko partida jokatu zuen- eta aurkariek pilota aldatu zuten, Astigarraga, mutiko galanta, hasi zen denak gozatzen, ikaragarriak jotzen eta ez zituenak ere txapa gainean jartzen. Hogeitabatera joan ziren zuzenean. Lortu zuten hamazazpigarrena gureek eta baita 18 eta 19.a ere. Hementxe bukatu zen partida: Astigarragak gaizki jotako pilota oker bat, juxtu-juxtu txapa gainera erori zena, harrapa ezina izan zen Ametsek aztarrika latzak eginagatik: 22-19 Azkoitiarentzat.
Jubenilek irabazi beharra zeukaten nahita ez aukerak izatekotan. Iker Zubeldiak eta Pello Olanok, Azkoitia eta Uranga zituzten aurrean. Bikote ona. Nahiz eta Altzon aisa irabazi, bagenekien lan oso ona egin beharreko partida zela berriro irabaztekotan. Baina, laster okertu zen kontua guretzat: bigarren tantoan eskuin eskuan pilota gaizto bat "sartu" zitzaion Pellori eta, handik aurrera, esku horrekin bultza bakarrik egite zion pilotari. Bost tantoko abantaila hartu ziguten azkoitiarrek. Iker atzerago jarri eta ahal zuen tokitik eginahalak egiten hasi zen, tanto bikainak egin zituen batzuk baino gehiago, baina ezin izan zion partidari buelta eman: 22-17 azkoitiarrentzat.
Kitto! Sailkapenak bazuen jabea eta ez zen Altzo. Baina azken partida jokatu egin behar zen, bat behinik irabazten saiatu behar genuen, eta han bildu zen ikusle pilak, ikusle asko baitzen, merezi zuten partida on bat eskaintzea. Ameskeria gertatu zen hau: Ander Zubeldia eskuinez ia pilota ukitzeko gauza ez zela jarri zen laster eta Enaitz Aizpitartek hainbeste trapu jarri zuen bere esku ezkerra babesteko, ezen ezin zuela pilota bat bera ere gozatu itxuraz. Juaristi bikoa biko handiegia da baldintza horietan aurka egiteko, eta ofizioa dute: laster antzeman zieten gure mutilei eskasia eta hasi koiteak miatzen. 22-7 azkoitiarrentzat.
Kronika luzea idatzi dugu, baina merezi zuen. Ahal duten guztia egin dute pilotariek; hasieran esan bezala baldintza fisiko kaxkarretan iritsi dira gure pilotari asko eta gozatu baino gehiago sufritu egin dute. Baina, halere, Oñati, Azkoitia eta Altzoko pilotari, arduradun eta zaleen artean sortutako giro ederra izango dugu gogoan. Baita Tatiegi pilotari oñatiarrak eta gure Pellok egindako bertso saioa ere Oñatiko afalondoan. Lau urtez jarraian atera du taldea Altzok txapelketa honetan. Badu meritua 400 biztanleko herri batek maila honetako taldea osatzea eta finalerdietan sartzeko zorian egotea. Auskalo hurrengo urtean ateratzeko modurik izango dugun, auskalo! Ez da despedida bat. Gero arte izatea nahiko luke.