Beti bezala, kadeteek eman zioten hasiera lehiari: Aranbarri-Astigarraga azkoitiarrak eta Lizarribar-Uzkudun altzotarrak ziren aurrez aurre. Launa egin ondoren, Aranabarrik sakeari etekin handia atera zion bolada luze samarrean eta tarte handia zabaldu zuten azkoitiarrek. Handik aurrera, nahiz eta jokoan ez zegoen halako alderik, ondo eutsi zien azkoitiarrek altzotarren grinari, 22 eta 16 irabaziz amaitzeko.
Gero, jubenilen txanda izan zen. Azkoitia-Urangak osatu zuten bikote azkoitiarra eta Zubeldia-Olanok altzotarra. Partida estua espero zen, baina ez zen hala gertatu. Azkar zabaldu zuten tartea altzotarrek eta partida erosoa izan zen hauentzat. Olanok oso partida serioa egin zuen eta Zubeldiak min handia egin zuen pilotakada luzeekin. Ez zuten arriskatzeko premiarik izan eta erosotasunez, 22 eta 10 irabazi zuten.
Eta nagusien partida izan zen azkena. Juarista-Juaristi eta Zubeldi-Aizpitarte aritu ziren. Markagailuak halakorik erakusten ez badu ere, 22-13 irabazi zuen Juaristi biko azkoitiarrak, hau izan zen arratsaldeko partida borrokatuena. Tanto luze eta ondo jokatu dexente ikusi ziren. Aizpitartek bere esku ona, ezkerra, minduta amaitu zuen Oñatin eta astea esku hori zaintzen igaro arren (Zaramagako finala jokatzekoa zen ostegunean eta utzi egin zuen), konfiantza gehiegirik gabe ekin zion jokoari. Partida hasi eta berehala, sotamanoz jo zuen batean Zubeldiari pilota "sartu" zitzaion eta eskuina minduta aritu zen hau ere. Hori eta Juaristiarrak oso bikote sendoa dela kontuan izanik, meritu handiko partida jokatu zutela esan behar da.
Bueltako partidak datorren ostiralean jokatuko dira Azkoitian, 22:00etan hasita. Zail dago sailkapena, baina ez ezinezkoa. Mutilek ahalegina egingo dutena ez dago zalantzarik.