Herriartekoa: orain Azkoitia

Joan den larunbatean jokatu ziren Oñati eta Altzoren arteko itzuleko partidak, Oñatiko Zubikoa kiroldegian. Aurreko asteburuan hirutik hiru partida irabazi zituzten altzotarrek, eta emaitza hori berdintzea lortu ez arren, hirutik bi irabazi zituzten, hurrengo faserako sailkapena lortuta etxeratu ziren. Azkoitia izango da hurrengo aurkaria, Herriartekoan historial aberatsena duen herria, eta Altzon jokatuko dira lehen partidak, datorren larunbatean 17:00etan hasita.

Giro bikaina izan genuen Oñatiko Zubikoan. Altzotar asko hurbildu ziren bertara, eskertzekoa benetan, eta antzeman zen han zeudela beren aupada eta txaloak bitarteko. Nahiz eta aurreko asteburuan egindako lan onari esker aldeko abantaila bikaina eduki, ez ziren altzotarrak konfiatu. Estua izan zen lehen partida, kadeteek, Iraitz Lizarribar eta Amets Uzkdunek jokatua. Altzon ez bezala, lau eta huts galtzen hasi ziren eta atzetik joan ziren partida erdia igaro arte. Hamahirugarren txartela arte atzetik izan ziren; hemen aurrea hartu eta hala iritsi ziren hogeitabira: 22 eta 16 irabazi zuten altzotarrek.

Lehen partida irabazita eta sailkapena lortuta, lasai kantxaratu ziren Iker eta Pello. Hauek ere galtzen hasi ziren, baina laister eman zioten buelta partidari 22 eta 11 irabazteko. Ez zuten zori hori izan nagusiek, Ander Zubeldia eta Enaitz Aizpitartek. Lehenak ez zuen egunik onena izan eta bigarrenari esku ezkerra, bere onena, mindu zitzaion partida erdirako,eta jipoi handisamarra hartuta amaitu zuten, 22 eta 7 galdu baitzuten. Dena dela Altzo sailkatu da 5 eta 1eko emaitza lortuta.

Partidak jokatuta, lagunarte ederrean, afari bikaina eskeini zieten oinatarrek Altzoko ordezkariei. Azkoitia izango dute altzotarrek hurrengo aurkaria. Txapelketa hau ez du beste inork Azkoitiak baino gehiagotan irabazi eta, alde horretatik, ohore handia da Altzo bezalako herri txiki batentzat maila horretako taldea aurrez aurre izatea. Datorren larunbatean, ekainak 1, arratsaldeko 17:00etan hasiko dira lehen itzuliko partidak Altzo Muinoko frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!