Herriartekoa: Altzo 3, Oñati 0

Urrats handia eman zuen atzo Altzoko taldeak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako lehenengo kanporaketa gainditzeko oñatiarren aurkako lehian. Partidak hasi aurretik ez zen faborito argirik ikusten. Altzotarrek, ordea, ondo baliatu zuten etxekotasuna eta hiru partidetan hartu zieten gaina oñatiarrei.

Larunbat arratsalde umela eta hotzantxa genuen. Altzo Muinoko frontoia ixteko ohialak jaitxi eta ahulkiak jarri ziren ikusleak erosoago egon zitezen: ehun lagundik gora bildu ziren eta lortu zuten giroa berotzea beren txalo eta aupadekin.

Lau terditan egin zen pilota hautaketa eta bostetan puntuan eman zitzaien hasiera partidei.  Hiru partidek, altzotarron zorionerako, antzeko bilakaera izan zuten: hasiera indartsua eman zieten etxekoek, bost-sei tantoko aldea irekiz. Horrek, gero, lasaitasunaz jokatzeko aukera eman zien eta, poliki-poliki, aldea handitzea lortu zuten partida guztietan.

Iraitz Lizarribar eta Amets Uzkudunek ordezkatu zuten Altzo kadete mailan. Ugarte-Loidi bikotea izan zuten aurkaria eta 22-12 gailendu zitzaizkien.

Jubeniletan, Iker Zubeldia eta Pello Olanoren txanda izan zen. Perez-Erle izan zituzten aurkari eta 22-13 hartu zieten gaina.

Nagusietan, Ander Zubeldiak eta Enaitz Aizpitartek ordezkatu zuten Altzo. Biain-Gartzia bikotea zuten aurrez aurre. 22 eta 11 irabazi zuten altzotarrek.

Altzoko frontoia nahikoa berezia da, ohikoak baino txikiagoa (apur bat motzagoa, estuagoa eta frontis baxuagoa duena) eta izango zuen eragina, oñatiarrei gehiago kosta baitzitzaien egokitzea. Itzuliko partidak datorren larunbatean jokatuko dira Oñatin, arratsaldeko bostetan hasita. Pausu handia eman da baina bigarrena eman beharra dago eta, hori, Oñatin egin beharko da. Abantaila bikaina da, baina beste hiru partida jokatu behar dira beraien frontoian eta beraien zaletuen aurrean. Atzoko markagailuek iradokitzen dutena baino partida askoz estuagoak espero dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!