Gure kulturaren adierazpide ugaritan eta gure jakin-mina asetzeko putzutan blai egiteko egitarau aberatsa izan dugu Altzon 2018ko abendu honetan zehar. Honi, amaiera bikaina emateko aukera eskaini digu Et Incarnatus Orkestra sonatuak. Migel Zeberioren zuzendaritzapean ariko dira Altzo Muinoko Santa Maria elizan, goi-goi mailako 16 musikari eta, hauekin batera, euskal sorkuntza eta interpretazio munduko artista izugarriak: Maider Zabalegi abeslari oiartzuarra; Lain talde ohiko abeslari Leire Berasaluze eta Kristina Arantzabe; Aitor Furundarena akordeoi-jolea; Maisa Lizarribar trikiti-jole eta abeslari herritarra; Euskal Barrokensembleko kide eta kitarra-jole entzutetsu Enrike Solinis; eta Tapia eta Leturia trikitilari bikote ezaguna gure artean eta hemendik kanpo. Sortzaile handiak dira guztiak, musikari edota abeslari apartak, eta gure mugetatik kanpo ere oso ezagunak eta aitortuak horietako asko. Luxu ikaragarria da hau guztiontzat. Ikusentzunezko eskaintza apartaz gozatzeko aukera paregabea. Ikustekoa izango baita eta, batik bat, entzutekoa.
Goizean 12:30etan hasiko da lehen emanaldia, eta arratsaldean 17:00etan, bigarrena. Hogei pieza inguru eskainiko dituzte eta ordu eta erdiko iraupena izango du emanaldi bakoitzak. Sarrera ordaindu beharko dute 12 urtez goikoek, moduan (5 €). Sarrera hartzeko aukera eliz atarian izango dute bertaratzen direnek.
Abenduaren 9an ekin genion aurtengo Olentzerotan Jakinminez egitarauari Azoka Egunarekin. Ondoren etorri dira, Loatzo Musika Eskolan trebatzen ari diren herriko musikari gazteen emanaldia, Gure Haundiaren Ibilerak herri-antzerkiaren bideo emanaldia eta kantu-afaria, automozioaren energia eta gure basoen etorkizunari buruzko hitzaldi mamitsuak, Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak eta Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa liburu ilustratuen aurkezpenak egile Koldo Izagirre, Karmele Gorroño eta Irene Irureta bertan direla, Alardearen seme-alabak bideoaren emanaldia eta osteko iritzi trukea Elizabeth Olaskoaga eta Mikel Mariskal hondarribiarren azalpenekin, Andoni Egaña bertsolariak, Jon Ostolaza trikiti soinu-jolearen laguntatz, prestatu duen Neretik bertso-jarri emanaldiaren estreinaldia, Beldartxo Jauna haurrentzako antzerkia, eta dagoenerako usadio dugun Elordi Elkarteko talo eta gaztain jana. Et Incarnatus Orkestraren emanaldiak borobilduko du, ezbairik gabe, hogeita bi urte hauetako egitaraurik zabalena.