Begiratu hemen eta ikusi

Egia esan, arrats bikaina igaro genuen atzo Altzon. Ikasturteko azken ekitaldia antolatu zuen Kultur Batzordeak, eta nahi bezala atera zen dena. Aurrena, Batzarremuinon elkartu ginen "Altzo 2017" urtekariaren aurkezpenean eta, gero, Miel Joakin Eleizegiren jaiotzaren 200 urteurrena aitzaki, "Handia" filma ikustera herriko plazan, udako gaugiro goxoan.

Begiratu hemen
Hau da Altzo 2017 urtekariaren izenburua: Begiratu hemen. Azken 21 urtetan, ia urteroko hitzordua dugu hau herrian. Hemezortzigarrena genuen aurten eta, beti bezala, herritar asko hurbildu zen aurkezpenera. Hogeita hiru atal ditu aurtengo urtekariak eta hamahiru herritarrek idatzi dute. Urtero bezala, urtekaria banatu zitzaien lehenik bertaratutakoi (ondorengo egunetan herriko etxe guztietara banatuko da), eta lanketaren eta edukien inguruko xehetasunak eman zituzten Lurdes Murua eta Antton Iztuetak. Gero, urtekariko gai nagusienetako sakondu zuen bere egileak, Manu Olanok: Altzo II. Errepublika garaia 1931-36 artikulu mamitsua. Lan handia eta ona egin du Manuk, eta bere azalpenek piztu zuten jakin-minak, herritarrek jarritako arretan eta egindako galderetan antzeman zenak, argi utzi zuen ondo aukeratutako gaia izan dela. Manuri gai honi buruzko beste hitzaldi bat prestatzeko eskatu zionik ere izan zen. Prestatu egin beharko du! Joxe Mari Lopetegik garai hartan gorabehera horiei jarritako bi bertso kantatuz atera ginen.

Eta Handia filma herriko plazan
Prest zegoen dena iragarritako ordurako, 22:30etarako. Eguraldiak lagundu zuen, eta, udaletxeko balkoipean, prest zuen ordurako proiekziorako muntaia Molatu taldeak. Herriko argiteria itzalita zegoen, ilun-ilun, eta zain-zain zeuden plazan jarritako berrehun aulkiak betetzen zituztenak ere: haurrak, gaztetxoak, gazteak (gutxiengoa, ia denak Lesaka edo Iruñera sanferminak ospatzera joanak ordurako), helduak, nagusiak eta nagusi-nagusiak. Ez da behin ere honelakorik egin gure herrian, eta sumatzen zen ikusmina.

Puntu-puntuan azaldu ziren jendaurrera filmaren zuzendarietako bat, Jon Garaño, eta Xabier Berzosa ekoizlea. Lurdes Muruak agurtu eta eskertu zituen guztiak, aipatutako gonbidatuak eta ikuskizunera bildutakoak, eta filmaren emanaldiari ekin aurretik, batik bat Jon Garañok, filmaren inguruko xehetasunak kontatu zizkiguten. Altzo eta altzotarrekiko eskertuta ageri dira beti, eta guk ere asko eskertzen diegu zer edo zer eskatzen diegunero agertzen duten prestutasuna.

Galderaren bat erantzun zuten bi gonbidatuek, eta filmaren txanda heldu zen. Kalitate ona izan zuen proiekzioak eta audio kalitate oso ona. Zorionak Molatu! Haize pittin bat bazebilen, gutxi dira Altzon haize gabeko uneak, baina ez zen hotza eta gustura egon ginen plazan bata bestearen abaroan. Ikus-entzuleak, berrehundik gora, isilik, arretaz, orduko gertaera eta gure Haundiaren ibilerak biziz egon ginen filmak iraun zuen bitartean. Benetan ederra sortutako giroa. Txaloka agurtu zuen jendeak emanaldia. Izan zen, "ee, horrelako gehiago egin behar ditugu ee" esan zuenik.

Horrelaxe ospatu genuen Miel Joakin Eleizegiren jaiotzaren 200. urteurrena, lau eguneko aurrerapenez dena esatera, uztailaren 10koa da-eta. Bukatu zen filma, piztu ziren herriko argiak, eta bagoaz aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!