San Inazio Jaiak 2016

XX. Frontoi Zaharreko txapelketak baditu txapeldunak

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2016ko abuztuaren 1a

Altzoko festetako egitarauan iragarri bezala gaur jokatu dira hiru finalak. Jai giro ederra izan dugu eta Eneritz Agirre-Harkaitz Murua txikienetan, Ainhoa Uzkudun-Haritz Esteban gaztetxoetan eta Pello Olano-Mikel Goitia nagusietan izan dira irabazleak lehia estuak jokatuta.

Ekainaren 27az gero ederki astindu dituzte herriko pilotariek Altzo Muinoko elizaren horma zaharrak. Miatu dituzte horko koska eta pilare okerrak eta giro ederra jarri dute uda honetako arratsalde askotan. Gaur, Elordi Elkartean muslariak mus, enbido, paso edo ordago ari ziren bitartean, pilotariak gogor aritu dira ikuslez inguratuta; jende asko bildu da partidak ikustea eta giro bikaina izan dugu plazan. Txiki eta gaztetxoen partidak estuak izan dira oso.

Txikienetan, Eñaut Elduaien eta Harkaitz Muruak 16-15 irabazi diete Saioa Goitia eta Mikel Iturriotzi. Tantoek erakusten duten bezala, oso partida estua jokatu dute eta azken tantoan erabaki da guztia.

Gaztetxoetan, Ainhoa Uzkudun eta Haritz Estebanek 18-17 irabazi diete Eneritz Agirre eta Amets Uzkuduni. Partida ezin estuagoa hau ere; 15-17ko abantailarekin iritsi dira galtzaileak azken tantoetara, baina ez dute bukatzen asmatu.

Nagusietan, Pello Olano eta Mikel Goitiak 22-18 irabazi diete Ander Azurtza eta Mikel Artolari. Akats gehitxoko partida izan da baina behin baino gehiagotan lortu dute ikusleen txalo zaparra jasotzea.

Sari banaketa eta partaide guztien arteko argazki saioarekin amaitu da aurtengoa. Eskerrik asko partaide guztiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!