Altzo Donostiaren aurka herriartekoan

Igande honetan jokatuko du Altzok lehen aldiz Pilotako Herriarteko Txapelketa eskuzko modalitatean. Herriartekoan parte hartzen duen bigarren aldia da; palaz jokatu zuen lehenengoan. Donostiaren aurka jokatzea egokitu zaio lehen ekinaldi honetan eta Atano III.enean jokatuko dira partidak goizeko 11:00etan hasita.

Ez da erraza izan txapeketa honetan parte hartzeko egoeran egotea. Urte askotako lanaren ondoren lortu da hiru mailetan aritzeko adinako taldea osatzea. Aurtengo hau esperientzia hartu, gozatu eta hurrengoetarako bidea irekitzeko urtea izango da. Donostiaren aurka jokatzea egokitu da, talde indartsua, eta itsura ona ematea da helburua. Izugarrizkoa izango da herri txiki honek aurrera egitea lortzen badu.

Azken orduko aldaketarik ez bada, Joanes eta Pello Olano lehengusuek jokatuko dute kadete mailan, jubenil mailan Ander Zubeldia eta Enaitz Aizpitarte arituko dira eta, nagusietan, Iñaki Erauskin eta Unai Mujika. Ordezkapenak egiteko prest daude Xabat Artola, Iker Zubeldia, Aitor Murua eta Iñaki OLano. Bueltako partidak maiatzaren 15ean jokatuko dira Altzo Muinoko frontoian.

Altzok eskuz txapelketa honetan jokatzen duen lehen aldia bada ere, ez da Herriartekoan parte hartzen duen lehena. Pala modalitateko bigarren edizioan, 1992an, hartu zuen parte eta finalera heldu zen talde altzotarra bere lehen eta parte hartze bakarrean; hurrengo urtean ez ziguten Altzo Muinoko frontoian jokatzen utzi eta ez parte hartzea erabaki zen. Lehen hartan, Xabier eta Miel Olanok, Joanesen eta Pelloren aitek, jokatu zuten pala motzean, eta Joxemari Agirre eta Jexux Muruak paletan. Gaur Atano III.a deritzan pilotaleku honetan bertan jokatu ziren finalak, Errenteria izan zuen aurkaria finalean eta tantoengatik galdu zuten altzotarrek paletaz galdu eta pala motzean irabazi eta gero. Zoriak hala erabakita bidea eten zen pilotaleku berera itzuli gara utzitako bideari ekitera. Ea gehiago luzatzen den oraingo hau!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!