Miren eta Xabier Amuriza Altzon

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2016ko apirilaren 27a

Datorren ostirala, apirilak 29, egun handia izango da Altzoko bertsozale guztientzat, Xabier Amurizaren jarraitzaile direnentzat bereziki. Xabier Amuriza eta Miren Amuritza izango ditugu herrian bertsotara etorrita. 

Aurretik, Xabier Amurizaren ibilbidea errepasatuko dugu berarekin, Udaletxeko areto nagusian; ondoren izango da afaria eta aita-alaben arteko bertso jarduna Elordi Elkartean.

Saio berezia izango da Elordi Elkarteko afalostekoa, batetik Xabier Amurizak Altzon egingo duen azkenekoa izango delako eta bestetik, saio hau bere alaba Mirenekin egingo duelako, gai librean. Askotan aritu da bertsotan Xabier gure herrian eta, beti, prestutasunez eta gogo onez erantzun dio egindako deiari.

Altzora bertsotara azkenekoz etorriko denez, bere ibilbideaz hitz egiteko ere aprobetxatu nahi dugu. Afal aurretik izango da hizketaldia, 19:30etan. Udaletxeko areto nagusian elkartuko gara Xabier Amurizarekin bere ibilbideaz, bidez eta bidegurutzez, hitz egiteko. Batik bat bertsolaritzaren eremuan egindakoaz eta egiteko utziez, eremu askotan aritu baita Xabier, ariko gara berarekin.

Bertsolaritza modernoaren aitzindari nabarmenena eta, askorentzat, aitapontekoa da bera; luxu handia da guretzat bere bizipenen testigantza zuzena jasotzeko aukera izatea, altzotarrontzat eta inguratu nahi duzuen guzientzat. Manuel Olanok gidatuko du hizketaldia, Manuelek berak, Felix Irazustabarrenak eta Jexux Muruak ondutako gidoiean oinarrituta.

Gonbidatuak zaudete etorri nahi duzuen guztiak. Ekitaldia Elordi Elkarteak antolatu du Udalaren babesarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!