Gaur hasi da 19. Frontoi Zaharreko Txapelketa, Altzon.

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2015eko ekainaren 29a

1995ean lehenengoa antolatu zenetik eten gabe jokatu da urtero Frontoi Zaharreko Txapelketa, Altzon. Gaur eman zaio hasiera 19. edizioari.

 

Altzo Muinoko eliz-horma zaharrari begira dagoen frontoi irekian jokatzen da. Horma zulo-koskadun eta pilare okerrak, albo-gain libre eta trabarik gabeak, eta elizako teilatura bota arte gora jotzea libre izatea dira bertako berezitasunak. Hiru maila bereizten dira, eskuz jokatzen da pilota gozoekin, eta neskak zein mutilei dago irekia. Nagusietan urte batzuk badira neskek parte hartzeari utzi ziotela, mutilen kirtenkeriekin ikaratuta-edo. Hemeretzigarrenean 19 bikotek eman dute izena. Gaur jokatuko dira ligaxketako lehen partidak. Hauek amaituta, kanporaketak jokatzen hasiko dira finalak erabakita utzi arte. Finalak, herriko festetan jokatuko dira, abuztuaren 2an. Bitartean, ia arratsaldero, ziurtatua dugu festa giroa herriko plazan. Imanol Urbietak kantatu zuen: haurrak ikas zazue euskaraz mintzatzen, ongi pilotan eta oneski dantzatzen. Aire txun txikitun ... Badatoz herriko festak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!