Imanol Rojok hiru egunetan urrezko domina lortu zuen: ostiralean klasiko estiloan, larunbatean estilo librean, eta igandean errelebotan. Euskal hirukotea bere anaia Ioseba eta Irungo Maialen Lopezekin osatu zuen tolosarrak. Honenbestez, seigarren urtez irabazi du Espainiako txapelketa.
Aurtengo eski-denboraldiari amaiera bikaina eman dio Rojok. Abenduan, Frantziako Premanonen, Europako Kopan lehen aldiz lehen 10 sailkatuen artean amaitu zuen. Urtarrilean, Austriako Dolomitenlauf maratoi-proban 8. postuan sartu zen helmugan. Otsailean, Bereten, Maratoi Luzetako Europako txapelduna izan zen, 30 kilometro libre eta 42 kilometro klasikoan irabazi eta gero. Horrez gain, Alpino Uzturreko laukoteak (Imanol eta Ioseba Rojo, Txiki Plazas eta Carlos Camara) taldekako Europako txapelketa ere lortu zuen.
Ioseba Rojo, berriz, denboraldi osoa teknikari lanetan egon da Espainiako Selekzioarekin, baina errelebotako euskal taldean bere ekarpena eman nahi izan du, eta urrea lortu zuen.
Irati Izagirrek, junior mailan, brontzezko 2 domina lortu ditu.
Mikel Plazas, kadete mailan, hirugarren izan da klasiko estiloan eta bigarren estilo librean. Espainiako Koparako lehian, gainera, bere bigarren postua finkatu egin du.
Olaia Plazasek, berriz, infantil mailan lehenengo urtea izan du et , hala ere, seigarren postu bat lortu du.
Zorionak laisterkariei, Txiki Plazasi teknika eta logistikan egindako lanagatik, eta laisterkarien guraso eta familikoei, lortutako emaitza hauen atzean bere ahalegina jarri baitute!