Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra Calpen izan da

Erabiltzailearen aurpegia Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra 2013ko abenduaren 9a

Bertako Udalak gonbidaturik eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin kontzertu bat eman du taldeak

 

Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak kontzertu bat eman du Calpen (Alacant) pasa den asteburuan. Urtero antolatzen duten Erdi Aroko azokaren harira, herriko plazan beste hainbat artistaren artean saio bat emateko aukera izan du taldeak eta ez du parada galdu. Izan ere, Isidro Larrañaga zuzendariak dioenez, gaur egun ez da erraza haiena bezalako talde batentzat kontzertuak bilatzea.
"Maiz jotzen dugu guretzat egokiak ez diren tokietan, edo behar bezalako soinu ekiporik gabe, baina azken finean jotzea da garrantzitsuena eta oraingoan baldintza onak aurkitu ditugu”. Krisia dela eta gero eta diru gutxiago dago alde guztietan eta horrek eragina du kultur programazioan. Gainera, garai batean Europan antolatzen ziren Grand Prix moduko lehiaketa handiak ere desagertu dira pixkanaka. Beraz, arlo musikalarekin batera taldekideen esku geratu da orkestrarentzat kontzertuak bilatzeko lana.
Dena den ez daude geldirik, eta datozen urteetarako ere badituzte hainbat proiektu esku-artean. “Badugu bidaia luze samar bat buruan datorren urterako, eta 2015ean orkestrak 35 urte beteko dituenez hasiak gara ospakizunetan pentsatzen. Grabaketaren bat egitea ere aspaldiko proiektua da, une honetan dugun ondare musikala kontserbatzeko, baina horretarako baliabideak lortzea ez da erraza”.
Hilabete honetan herrian bertan izango dugu entzungai orkestra eta bitan gainera: urteroko gisan oraindik zehaztu gabe dagoen kontzertua emango dute Iurreamendi zaharren egoitzan, eta abenduaren 20an, berriz, Leidorreko Gabonetako jaialdian arituko dira musika eskolako ikasle gazteekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!