Martxoaren 31n egingo da Aizkardiren 51. Ibilaldia

Izen ematea doakoa da eta www.zirkuitua.com helbidean egin daiteke edo bestela mendi elkartearen lokalean ostegunetan 20:00etatik 22:00etara. Ibilaldiaren egunean bertan ere eman daiteke izena.

Aizkardi mendizale elkarteak antolatutako zeharkaldi hau mendian egindako ibilbide herrikoia da, eta kirol eta kultur arloko helburuak ditu. mendizaletasuna bultzatzea eta Villabona inguruko leku eta ibilbideak erakustea, beti ere, natura erabat errespetatuz.

Parte hartzea zabaltzeko asmoz, bi ibilbide prestatu dira: bata, 18. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria dena eta 44 kilometro dituena; 2.500 metroko desnibela du eta hamar ordutan egin daiteke; Ibilbide luzean parte hartzeko 14 urte beteak izatea derrigorrezkoa da; Olaederra kiroldegitik 07:00etan aterako da ibilaldia.

Bestea ibilbide motzagoa da, 25 kilometrokoa. 08:00etan aterako dira parte hartzaileak eta 1.200 metroko desnibela du. Sei bat ordutan egin daitekeen ibilbidea da, antolatzaileek aipatu dutenez.

Aizkardi elkartek lokal bat prestatuko du koltxonetekin, bezperan bertan lo egin nahi duten guztientzat. Zerbitzu hori erabili nahi dutenek antolakuntzari jakinarazi behar diote telefonoz edo e-postaz. Kontsigna zerbitzua izango da eta zeharkaldia bukatzean, parte hartzaileek Olaederra kiroldegiko dutxak erabili ahal izango dituzte.

Izen emateak aurrez egin daitezke edo egunean bertan eta horretarako, izena eta bi abizenak, federazioko lizentzia zenbakia, EHNA edo DNIa, eta klubaren izena eman beharko dira, hala badagokio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!