Arrazakeria gure plazetan

Erabiltzailearen aurpegia Aizan Talde Feminista 2015ko api. 16a, 09:15

Astelehenean Tolosako Trianguloa plazan elkartu ginen, igandean jasandako eraso matxistari erantzuna emateko asmotan. Jarrera matxisten aurka egitera joan ginen, eta, zerekin topatuko? Manifestatzaile batzuen jarrera, diskurtso eta argudio faxista zein arrazistekin.

Sutu gaituen eta idatzi hau egitera eraman gaituen gertakari tamalgarri eta lotsagarria argitara eman nahi dugu, benetan, eraso matxisten gisa, horrek ere erantzun potolo eta argi bat merezi baitu. Arrazismoa, matxismoa eta kapitalismoa eskutik helduta diharduten zapalkuntza sistemak dira, eta merezi duten erantzuna eman behar zaie. Eta, esan beharrekoa da, plazan entzun behar izan genituen erantzun eta argudio arrazistak ez direla feministak, patriarkalak baizik!

Onartezina deritzogu larunbatean gertaturikoa aitzakiatzat hartu, eta mendebaldean hain gailendua dagoen arrazakeria sustatzeko erabiltzea, gizaki zuri izate hutsagatik ditugun pribilegioei eusteko. Ez dugu onartuko feministon manifestaldi zein kale-agerraldietan diskurtso atzerakoi eta lotsagarriak entzun behar izatea. Eraso matxista hau ez da kasu isolatu bat. Ez da, plazara agertutako ezjakinek esango luketen bezala, «kanpotar zentzugabe batek hemengo zibilizazio perfektu, lasai eta gatazka gabekoari egindako erasoa»: sozialki gizon gisa hezitako eta horien rolari egokitutako balio zein estereotipoak erreproduzitzen dituen subjektu zapaltzaile batek, sozialki emakume gisa hezitako eta horien rolari egokitutako balio zein estereotipoak erreproduzitzen dituen subjektu zapalduaren aurkako indarkeria erakustaldia baizik. Horren harira, sutsuki eta irmoki azpimarratu behar dugu, erasotzailearen jatorriak bost eta sei axola digula!

Jarraian, plazara hurbildutako arrazista horiek eraso matxista honi eman nahi dieten 'irtenbidea' gogor salatu nahi dugu. Argudio eskuindar, intolerante eta trogloditatzat baitugu erasotzailearen jarrera matxista bigarren planoan utzi, eta lehenengoan bere jatorria jartzea. Hau gutxi balitz, hitz soiletatik harago, erasotzailearen familiaren aurka ere egin zuten: «Este y su familia a su país, con un cohete en el culo» bezalako esaldi onartezinekin. Badirudi erasotzaileak jarrera matxistak mendebaldeko herrialdeetatik kanpo egin ditzakeela; hau da, gure ingurutik aldenduz gero, bost axola zaigula eraso matxistak gauzatzea ala ez.

Ez dugu onartzen eta, ez dugu nahi, munduko edozein lekutan erosi eta jarrera matxistak gertatzea. Beraz, munduko edozein txokotan jazotzen diren botere harremanak salatzen ditugu!

Jarri al gara, noizbait, elkartasun feminista adierazten duten emakume kanpotarren azalean? Jartzeko prest al gaude? Emakume kanpotarrak gure manifestaldi feministetara haien elkartasuna adieraztera etorri, eta, gainera, beren arraza seinalatu eta zapaltzen duten jarrerekin amaitu behar da. Jakin badakigu, dagoeneko, emakumeok jasan beharreko zapalkuntza gogorra dela, baina ezin ahaztu dezakegu, guk, emakume zuri gisa, pribilegio batzuk ere baditugula eta ez dugula inolako jarrera arrazistarik jasan behar izaten. Plazara arrazakeria hutsak bultzatuta —eta ez elkartasun feminista adierazteko helburuz— bertaratutakoei argi esan nahi diegu, gure herrietako plazetan eta kaleetan ez ditugula nahi! Zuek ere, erasotzaile matxistekin batera errekan nahi zaituztegu!

Matxistak Oriara! Arrazistak ere bai! Gora borroka feminista!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!