5. etapa bukatu ez genuenez, 6. etaparen erdialdean elkartu ginen gure abenturakideekin Zagoran, haiek menditik jeistean. Bertan bazkaldu eta pixkanaka Ouarzazate aldera abiatu ginen. Oraingo honetan karreteraz, sorpresarik gabe.
Ia 3 orduko bidearen ondoren iritsi ginen gau hartarako geneukan ostatura. Eta gure harridurarako, bertan Ibarrako adiskide batzuekin topatu ginen. Herritik buelta bat emateko aukera ere izan genuen, aspaldiko partez goiz iritsi baikinen bertara.
Hurrengo goizean Raida bukatzen zen Ouzoud hirirantz abiatu aurretik, Ouarzazateko estudioetatik barrena pasa ginen. Bertan grabatu dira besteak beste Babel eta Asterix, Obelix eta kleopatraren filmak. Egia esan paisaia mendebaldeko indio eta cowboyen pelikuletan agertzen dena bezalakoxea da. Pelikula baten barruan geundela zirudien.
7. etapa sari banaketetara trantsizio hutsa izango zela uste genuen, baina oker geunden bidean bi erreka zeharkatu behar izan baikenituen. Errekak zeharkatu ondoren zain geneukan 1000 Kashbahen bidea.
Bidaian zehar hamaika paisaia txundigarri ikusi baditugu ere oraingo honetan ere aho zabalik egin genuen bidea.
Marokoko errepide altuenean zehar Ouzoudera ekin genuen ondoren 2260m-tara igoz. Igoeran zehar ohartu ginen lagundutako direkzio gabe geratu ginela (errekatik pasatzean ponpa izurratu ote zen susmoa dugu).
Beste behin antolakuntzaren estimazioak nahiko gaizki eginak zeuden eta beranduenera 16:00etan iristekoak ginenak 19:00etan ozta-ozta iritsi ginen. Egunaren azken argi printzak aprobetxatu genituen Ouzoudeko ur jauziak ikusteko eta ondoren azken afaria.
Arazoak arazo, denok gustura, pozik eta sari banaketaren zain.
Ziurrenik sorpresarik handiena guk geuk hartu genuen, 2000 urterik aurrera matrikulatutako autoen saria irabazi baikenuen (ez inori esan baldintza hori betetzen genuen auto bakarra gurea zenik).
Dekorazio ederrenarena irabazteko atarian geratu ginen, lagundu gaituzuen guztion izenekin dekoratutako autoa denen ahotan ibili baitzen.
Eta ospakizunak apur bat luzatu zirenez 3:00ak aldera abiatu ginen ohera, ez lehenago biharamunean Tangerrera joateko zein bide hartu eztabaidatu gabe.
Galiziar eta Valentziarrekin azken ferrya hartzera iristea ahalbidetuko gintuen bidea trazatu genuen. Hemen hain ondo funtzionatzen duen Google Maps-i jaramon gehiegi egiterik ez zen komeni, honek harribideetatik bidaltzen baikintuen (bide motzena izanik).
Kontuak kontu, eta galiziarren Seat Marbella autopistan aldapa pixkat zegoenean 60km/h-ko abiduratik pasa ezinda, lortu genuen azken ferrya hartzea eta, biharamunean, aurretik egindako kilometro guztiak gutxi ez eta beste 1100km egin genituen Algecirastik Albizturra.
Eta iluntzeko 20:00etan amaitu zen gure abentura. Orain gure laguntzaileei hitzemandako hitzaldiak prestatzen hasiko gara.
Haietan ikusiko zaituztegulakoan, laister arte!