3, 4 eta 5 etapak: Desertua hondarra baino askoz gehiago denean

Erabiltzailearen aurpegia Aizalde Raid Team 2016ko mar. 30a, 22:42

"Bidaiari, ez da biderik; bidea ibiliz egiten da"

Antonio Machadok hori esatean Maroko eta Algeriak disputatuta duten lur eremu hauetan ote zegoen sentsazioa izan dugu egun hauetan.

3. etapan Errachidiako eskolan izan ginen ekarritako materiala ematen.

Eurekin jolasean aritu ondoren desertura abiatu ginen. Bidean ordea abiadura muga 80 km/h-tik 60 km/h-ra jaitsi behar zela zioen kartela ikusi ez eta 300 Dirhameko multa jarri ziguten (30 Euro inguru). Geroztik seinaleei ondo erreparatu diegu, desertuan errepideekin batera desagertu diren arte.

Etapa honetan ezagutu dugun desertua ez da hondarrezko itsaso erraldoi huts bat; harriak ere protagonismo handia du. Zenbait aldiz hondarretan trabatuta geratu eta Kangooari golpe txar bat ere eman genion.

Gauean Merzugara iristean motorraren takoak zirela esan ziguten, baina "Gordito"ek (hala dute ezizena gure mekaniko argalek) hurrengo egunerako jarriko zigutela esan ziguten.

Gaua Merzugan pasa ondoren 4. etapari ekion genion.

Etapa honetan asko gozatu genuen. Hasi eta berehala gurpila zulatu bagenuen ere, ondoren dena oso ondo atera zen. Orientazio proba izan genuen eguerdian: 15 minututan 3 baliza aurkitu behar ziren iparrorratzaren laguntzaz eta aisa gainditu genuen.

Harkaitzezko paisaia dotoreaz gozatu ondoren, Argeliako mugarantz gerturatu ginen, hondarretan gehiago sartuz. Oraingoan ordea ez ginen behin ere trabatuta geratu. Mendilerroz inguratutako haran desertu honen erdian, inongo errepiderik ez dagoen puntuan Mharech izeneko ostatua dago. Ez dakigu urtean zehar bisitari asko izango ote dituen, bertara iristea ez baita ume-jolasa.

Bertatik hasi genuen 5. etapa, dagoeneko Kangooa puntuan jarrita eta motorraren takoak aldatuta.

Abiatu eta segituan bidaiako bigarren zulatua izan dugu (atzoko lepotik burua). Torlojuak oso gogor lotuta zeudenez behar baino gehiago pasa dugu gurpila aldatzen eta gainerakoetatik dezente atzeratu gara.

Abiatu eta konturatzerako laku lehor erraldoi baten erdian geundela ohartu gara. Eta parajeaz gozatzen ari ginela Danimarkako bikotea hondarretan trabatuta aurkitu dugu. Komedia bat bailitzan, eurak bultzaka atera eta aurreraka joan ondoren gu geratu gara trabatuta. Eskerrak antolakuntzako 4x4-a ez zebilen oso aparte eta eurek tiraka atera ahal izan garen.

Bidean sinistu ezinezko lekuetan herri txikiak ikusi ditugu, bertara iristeko errepiderik ere ez dagoen lekuetan. Gure Kangooarekin haraino nola iritsi ote gintezken harrituta bageunden, gehiago harritu gaitu paraje haietan jendea bizitzeak, mundutik deskonektatuta. Harbidetik aurrera gindoazen neurrian haurrak ateratzen ziren etxeetatik gu agurtzera ahozabalik.

Aurrerago hondar bide ugari zeudenez zegoen eta oparitarako hondarra hartzeko aprobetxatu dugu eta aurrerago bigarren aldiz trabatuta geratu gara.

Ezerezaren erdian geundela, gizon bat gerturatu zaigu motorrez, trabatuta ikusi gaituela eta laguntzera. Ia ateratzear geundela enbrage usain galanta zabaldu da eta badaezpada antolakuntzako 4x4ak eslingatuta ateratzea nahiago izan dugu. Handik aurrera hondarra presentzia galtzen joan da eta harriak hartu du protagonismoa.

Kontrol puntu baten bila galdu gara denok ondoren. Denok leku berean galtzea nahiko kasualitatea bazela eta aurrera jarraitzea erabaki dugu, antolakuntzakoak, deskuiduan aurrerago jarri ote ziren pentsatuta.
Eta halaxe gertatu da.

Harri artean jarraitu dugu segidan, beste haran erraldoi batean. Bereziki arraroa egin zaigu lehorte horren erdian sandia baratza bat ikustea. Harri artean boteka 20km inguru egin ondoren pista moduko batera iritsi gara, une honetan Europako autopistarik berriena baino erosoagoa egin zaiguna.

Kontrol puntura iritsi eta etapa bukaera ez egitea erabaki dugu, gaurko etapa amaiera harri bide gogor batean mendian gora baita eta aldapan enbragea erretzeko arriskuaz gain azpialdean txikizioren bat edota beste zulatu bat egiteko arrisku handiak ikusi baitizkiogu, eta abenturaren puntu honetan helburu nagusia kotxea eta gu etxera onik itzultzea bita.

Horrela, pena handiz, espedizioari "bihar arte" esan eta Zagorara etorri gara gure kasara. Bihar Ouarzazten elkartuko gara gainerakoekin hori bai, kanpinean lo egin ordez, hotelean lo eginaz!

Honek jada bukaera usaina dauka, hemendik aurrerako etapak karreteraz baitira, eta kotxea aproban jartzeko baino, gure bista gozatzeko aproposagoak.

Dena dela, izango duzue geratzen diren 2 etapen berri ere!

Bihar arte!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!