Goizeko 4etan hasi dugu eguna gaur, gosaldu eta 5etarako Algecirasko portuan egon behar baikenuen. Ferryan sartzen lehenengotakoak izan garen arren, garesti atera zaigu gora igotzeko ibili dugun patxada, igo garenerako ordu t'erdi iraun digun ilada osatua baitzegoen pasaporteak zigilatzeko.
Dena dela, ordu pare bat geroago ere lehenengotakoak atera gara ferrytik, eta hala iritsi gara aduanara ere, baina bertako polizia agenteak, zuen denon eskuzabaltasuna gehitxo irudituta edo, barruan generaman guztia aterarazi digu.
- Den dena? - galdetu diogu guk.
- Bai, den dena!
Atera dugu guztia eta bi jertse eta lau botika ikusi ondoren, atzera dena barrura.
Hala ere, paperak zigilatuta ateratzen ere lehenegotakoak izan gara. Baita ondoren lehen etapari ekiten ere. 250km egiteko 3 ordu genituela eta atsedenalditxo bat egiten geratu gara. Ohartzerako ordea, berandu genbiltzan. Hor hasi dira mesederik egin ez diguten presak (ia multa bat ere jarri digute eta bide sari batean perkantze txiki bat ere izan dugu...).
Sartu gara halako batean hondarrezko pistara, eta 3 minutu egiterako ez aurrera eta ez atzera geratu gara. Eskerrak abenturakide batzuk atzetik zetozen fundamentuzko 4x4 batean.
Baina ez gara hondarretatik nahi orduko atera! Inguruan zebilen indigena batek ere lagundu behar izan digu...
Azkenean iritsi gara behintzat Ifranera!
Hemen duzue gure ibileren aurrerapen txiki bat:
https://youtu.be/Fei6SFoQgvE
Bihar goizean Arzoun hotzaren aurkako materiala eta material ortopedikoa emango ditugu gure Kangooaren mesedetan!
Izango duzue gure berri!
Izan untsa!