Momentuko etorriak ez du zertan betiereko helmugarik izan. Baina manexak esan nahi duenak jada ez du itzulbiderik. Hauek dira aldizkari honetan idatziko dituen azken hitzak Zuberoari buruz, denbora batean behintzat. Mundua aldatu egiten da batzuetan, eta, horren baitan, norbera ere bai, gehiago edo gutxiago. Manexaren bizitza-arrailek bihurgune berri bat hartu dutenez, beste zeregin batzuk probatu nahi ditu bolada batean. Gero gerokoak…
«Norbaitek irakurri ote du urte hauetan guztietan kontatu dudanetik hitz bakar bat?», pentsatzen nuen atzo neure baitan. Disko gogorrari klik bat egin eta zenbat artikulu egin ditudan begiratu nuen. Nire harriduran, 26 aldiz (hau barne dela) ausartu naiz zerbait kontatzera Zuberoari buruz! Egia esan erdiak inguru ahanzturan nituen.
«Nire harriduran, 26 aldiz (hau barne dela) ausartu naiz zerbait kontatzera Zuberoari buruz!»
Oso gogoan dudana da eskaera egin zitzaidanean sentitu nuen poza. Sumatu nuen beste batzuek ere bizi edo sentitzen zutela Zuberoarekiko txera, jakin-nahi edo maitazarre hori. Garai hartan manexak beste egoera bat zuen bizitzan, eta orain baino buelta gehiago egiten zituen Zuberoara… Ia bi urte pasatu ziren Pettarrako maskaradak jokatu zirenetik Aiztondon, eta artean, haren mozkorraldiko azken printza batzuk iristen zitzaizkigun tarteka. Horregatik-edo, ausardia gehitxoz beharbada, baiezkoa eman nuen.
2019ko irailean bidali nuen ATARIAra lehen artikulua; Bereterretxeren kantoria izena eman nion hari. Harrez gero, zazpi urteotan umil-umil ematen saiatu naiz hango zenbait kontu. Niretzat Zuberoak badu azaltzea erraza ez den zerbait handia. Zuberoa oso txikia da, eta lirudike mundu honetan txikia den denak desagertzeko patua duela, baina ez da horrela paraje haietan. Zuberoak badu idiosinkrasia oso berezi bat, eta beharbada horregatik dirau bizirik oraindik. Negu honetan hiru herritako gazteak aritu dira maskaradak ematen. Nekatzetik edota asperduratik urrun, bi urte barru pastorala antolatzeko ardura hartu dute (lan handiak dira hauek). Herri ezberdinak elkarlanean, beraien kultura eta historiarekin jolasean, gazteak bailarako protagonista, belaunaldiartekotasuna… Iruditzen zait oso urrun gaudela gu hortik.
Idiosinkrasia horren hatzaparrak erakusten saiatu naiz nire artikuluen bidez, ea norbaitengana heltzen ziren. Maskaradak, jakina, aipatu izan ditut nire artikuluetan, baina gauza gehiago ere bai. Bi Etxahuni buruz idatzi nuen, Xaho, Etxalde.eu, Jondane Johane, zuberera, Matalaz, dantza, musika, laborariak, Xiru, Xiberoko Botza, ikastolak… Saiatu naiz Zuberoako bekatuak pixka bat aurkezten; haranzko bidea har dezazuen, hemendik eta handik ematen saiatu naiz urte hauetan guztietan. Nahi izan dut zuek probatzea niri hain gozo egin zaidana; argi esanda: edonor ni adina zaletzea etnografia harekin alegia.
Jarraitzen dut jendea animatu nahian. Zuberoak duen indarra, tiradizoa, erakarpena edo dena delakoa oso polita da, kuriosoa, harrigarria… Nik zerbait atabikoa sentitzen dut han. Nola bestela dirau Zuberoan den guztiak? Nola dirau bizirik gazteriak, musikak, dantzak, ikastolak, disko-zigiluak, irratiak, kantuak, Hebentikek, Laborantza Ganbarak, pastoralak eta abar oso luze batek? Manexa askotan saiatu da erantzuna bilatzen, eta beharbada aurkitu du. Baina ulertzea edo interpretatzea, beste upeleko sagardoa da zalantzarik gabe.
Bi ideia hauekin agurtuko naiz. Batetik, Zuberoako antropologia, etnografia, idiosinkrasia edo dena delakoa. Segi ezagutzen! Eta bestetik esker ona. ATARIA eskertu nahi dut, bihotz-bihotzez gainera, aukera hau eman izanagatik. Norberak gustu duena egiteko aukera, egon da merkeago mundu honetan…
Kantuan adio, sarri arte, gozotik ibili eta… Agur Xiberüa, bazter guztietako txokorik kuttunena.

