XIBERUTIK

Xiru 2026

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2026ko martxoaren 23a

Xiru 2019an Gotaineko plazan Zuberoako gazteak dantza garaikidean. A.A.

Askotan idatzi du Manexak horrengatik edo haatik harridura sortu diola sarri Zuberoak. Gutxi dira han, euskara itota, biztanleria zaharkitua, ez da hegoaldeko kultur-etxe panpoxorik ikusten… 

Baina pertsonen ekimenek zenbat gauza sortzen duten Zuberoan! Horietako bat ate joka dator eta aukera hau baliatu nahi izan dut honen berri emateko: Xiru 2026. Jaialdi honen bideaz pixka bat hitz egiteko, bertako arima eta eusle handienarengana jo du Manexak: Mixel Etxekopar. Harengandik jasotakoak laburtzen saiatuko naiz.

Aurtengoa 36. edizioa izango du Xiruk; esatea errazago! 1990ean sortu zen Gotainen, Xiberoko Xiruren inguruan zenbait lagun bildu zirenean. Etxekoparek 1972an Gotainen eraiki zuten gelatxoaz oroitzapen ederrak ditu: Lete, Lurdes Iriondo, Etxamendi-Larralde, Benito, Laboa, Cuarteto Cedron… Musika jada ereina zegoen han.

Etxekoparek dio segida naturala izan dela beraiek egindakoa. 1990ean nolabaiteko saltsa-maltsa bat bildu zen: txistulari, albokari, gaitero… Batzuk Baztangoak, Biarnokoak ere bai, xiberotarrak… Topaketa haiek naturalki zabaldu zirela dio Etxekoparek, ñabardura batekin: beste inguru geografiko batean, baina denbora berean.

Kanpokoa eta bertakoa, berria eta zaharra izan ditu goiburu edo entseina Xiruk hasieratik. Manexak ondo gogoratzen ditu palestinarrak, frantsesak, bardoak, Al-Andalus eta Nafarroa, bretoiak… eta zuberotarrak, jakina. Hitz hauekin deskribatu du Etxekoparek, gutxi gorabehera, Xiruren izpiritua: zaharrean berria bilatzen eta berrian betikoa aurkitzen.

 

«Zaharrean berria bilatzen eta berrian betikoa aurkitzen»

Hasieratan hainbat pertsona izan ziren bidaide: Christian Vieussens, Beñat Axiari, Bernard Lubat… Beraien lur beltza lantzen jardun zuten, baina begirada berri bat eskaintzeko asmotan; honetan hasi ziren, kezka horien inguruan zebiltzalako.

Xirurako ikusgarri asko sortu da Zuberoan, eta horietako askok ibilbide oso oparoa egin dute hegoaldean eta Euskal Herritik kanpo ere: Oihana auhenka, Harria eta Herria, Euskamerikan artzain, Ederlezi…

Jaialdi honen antolaketa Gotaine-Iribarneko herri-testuinguruan egiten da, Abotia elkartearen bidez. Manexak orain bospasei urte sekulako energia ezagutu zuen: hiru eguneko festa egiten zen. Herri dinamikak ez dira beti errazak, ordea, eta euskararen haizeak ez dira aldeko Xiberoan; baina beti argia piztuta egon da, eta horrela dirau Etxekoparen hitzetan. Energia urritu egin da eta azken bizpahiru urteotan egun bakarreko festa bilakatu da Xiru. Pazko larunbatean egiten denez, aurten apirilaren 4an izango da.

Aurtengo gaia Kubatik da. Esklabotza tarteko, Kuba eta batez ere zuberotarren arteko loturaz ariko dira. Esklabutzak eragina izan zuen Bilbon, Bordelen, Nantesen eta beste hainbat tokitan, eta halaber Gotainen, Barkoxen, Sohütan… Gai hau lantzen, norbera bere ikuspegitik, honako hauek ariko dira, besteak beste: Sarrionaindia, Lixsania Fernandez, Dana Moya… Kubatik ikuskizuna sortu dute Zuberoan, eta Maika Etxekopar antzerkian eta kantuan ariko da, Fiston Bidiefono bezala (Gotainen bizi den dantzari kongotarra). Uztaro arte taldeak ere bertan jardungo du (Gonzalo eta Pette Etxebarria). Aurtengo egitarau zoragarria honako webgunean ikus dezakezue: Hebentik.eu/xiru.

Beraz, gonbitea egina da. Lurrin eder bat usaindu nahi baduzue, giro polit eta atsegina sentitu nahi baduzue, ohikoa ez zaigun inguru bat sumatu nahi baduzue, festa-eredu ezberdin bat ikusi nahi baduzue, mundura begiratu nahi baduzue… baduzue nora joan! Eta joateko modurik ez baduzue, zabal ezazue ekitaldiaren berri ezagunen artean; izan ere, horrela sortzen dira besteak, eta, zilegi bekit, bestelakatzen dira sortuak… Agian, agian. Mixel Etxekopar dixit!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!